Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Eusko Label Winter Series

Erkiaga eta Ibarluzea, Eusko Label Winter Serieseko txapeldun

EITB Media

Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzea dira 2023-2024ko Eusko Label Winter Series txapelketako irabazleak, finalean Iñaki Osa Goikoetxea eta Unai Lekerika menderatuta, bi setetan (11-15 eta 6-15).

1:17
Goikoetxea, Erkiaga eta Ibarluzea

Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak irabazi dute 2023-2024ko Eusko Label Winter Series txapelketa, igande honetan, otsailaren 18an, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan jokatutako finalean Iñaki Osa Goikoetxea eta Unai Lekerika menderatuta, 11-15 eta 6-15eko emaitzarekin.

Iñaki Osa Goikoetxearen azken partida izan da profesional mailan, eta 43 urteko zumaiarrak ezin izan dio zesta-puntari agur esan txapela jantzita. Dena den, kirol-ibilbide oparoa izan du.

Goikoetxeak eta Lekerikak urre kolorez jantzita jokatu dute; Erkiagak eta Ibarluzeak, aldiz, arrosa kolorez. Lehen bi tantoak Goikoetxea-Lekerika bikotearentzat izan dira (2-0), baina hurrengo biak Erkiagarentzat eta Ibarluzearentzat (2-2). Ondoren, bi berdinketa jarraian izan dira (3-3 eta 4-4), baina launakoaren ostean, Erkiaga-Ibarluzea bikoteak aurrea hartu du markagailuan (4-5), baita bi tantoko errenta bereganatu ere (4-6). Bazirudien Goiko eta Leke momentu txarra pasatzen ari zirela; Erkiagak eta Ibarluzeak, aldiz, zuloa zabaltzeko aukera izan dute, baina urre kolorez jantzitako bikoteak seina (6-6) berdintzea lortu du, eta aurrea ere hartu du (7-6). Gero, ordea, zazpinakoa iritsi da (7-7), eta arrosa kolorez jantzitako tanto bateko errentarekin heldu da lehen etenaldira (7-8).

Etenaldiaren ostean, Erkiagak tanto bikainak egin ditu, Ibarluzea seguru azaldu da atzean, eta arrosa koloreko bikoteak bost tantoko abantaila hartu du, eta estreinako jokoa irabaztetik tanto bakarrera geratu da (9-14). Hala ere, Goikoetxeak eta Lekerikak desabantaila murriztu dute (11-14), baina Erkiaga eta Ibarluzea ez dira urduri jarri, eta lehen jokoa irabazi dute, 11-15eko emaitzarekin.

Bigarren setaren hasieran, jaun eta jabe izan da Erkiaga-Ibarluzea bikotea, eta azkar hartu du abantaila (1-4). Goikoetxea eta Lekerika ezinean ibili dira, huts asko eginez. Ondorioz, arrosa kolorez jantzitako bikoteak zuloa handitu du markagailuan, eta sei tantoko errentarekin iritsi dira etenaldira Erkiaga eta Ibarluzea (2-8).

Bigarren jokoko etenaldiaren osteko lehen tantoa Erkiaga-Ibarluzea bikotearentzat izan da; jarraian, Goikoetxeak eta Lekerikak euren hirugarren tantoa bereganatu dute (3-9), baina aurkarien tantoak ez die utzi aldeak gehiago murrizten (3-10). 3-11koarekin garaipena bideratu dute Erkiagak eta Ibarluzeak. Ondoren, susperraldi txikia izan dute Goikoetxeak eta Lekerikak (6-11), baina Erkiaga eta Ibarluzea ez zeuden barkatzeko, eta garaileak izan dira, bigarren jokoa 6-15 irabazita.

Emaitza, tantoz tanto:

Lehen seta: 1-0, 2-0, 2-1, 2-2, 3-2, 3-3, 4-3, 4-4, 4-5, 4-6, 5-6, 6-6, 7-6, 7-7, 7-8, 7-9, 8-9, 8-10, 9-10, 9-11, 9-12, 9-13, 9-14, 10-14, 11-14, 11-15.

Bigarren seta:  0-1, 0-2, 1-2, 1-3, 1-4, 2-4, 2-5, 2-6, 2-7, 2-8, 2-9, 3-9, 3-10, 3-11, 4-11, 5-11, 6-11, 6-12, 6-13, 6-14 eta 6-15.

Goikoetxea-Lekerika bikotearen txapelketaren nondik norakoak

Goikoetxea-Lekerika bikoteak A multzoan ekin zion Eusko Label Winter Series txapelketari Olharan-Del Rio, Goitia-Basque eta Erik-Minvielle bikoteekin batera. Multzoen fasean, hiru partida jokatu eta hirurak irabazi zituzten Goikok eta Lekek; ondorioz, finalerdirako txartela eskuratu zuten.

Urtarrilaren 29an jokatu zen txapelketako lehen finalerdia, eta Goikoetxeak eta Lekerikak finalera sailkatzea lortu zuten, Johan-Lopez B multzoko bigarren sailkatuak mendean hartuta, 15-8, 9-15 eta 5-4ko emaitzarekin.

Erkiaga-Ibarluzea bikotearen txapelketaren nondik norakoak

Bestalde, Erkiaga eta Ibarluzea B multzoan lehiatu ziren. Horiek ere, hiru partida jokatu eta hirurak irabazi zituzten multzoen fasean, eta finalerdietarako txartel zuzena lortu zuten horrela. Finalerdian, Erkiaga-Ibarluzea bikotea nagusi izan zen Olharanen eta Del Rioren kontra (15-8 eta 15-13).

Erkiagaren eta Ibarluzearen finalera arteko partida guztiak:

Multzoen fasea:

Erkiaga-Ibarluzea vs Johan-Lopez (15-6, 14-15 eta 5-3)

Erkiaga-Ibarluzea vs Arbe-Manci (15-6 eta 15-5)

Erkiaga-Ibarluzea vs Laduche-Gorka (15-14, 9-15 eta 5-3)

Finalerdia:

Erkiaga-Ibarluzea vs Olharan-Del Rio (15-11 eta 15-13)

Goikoetxearen eta Lekerikaren finalera arteko partida guztiak:

Multzoen fasea:

Goikoetxea-Lekerika vs Erik-Minvielle (15-8 eta 15-9)

Goikoetxea-Lekerika vs Cosme (Olharanen ordezkoa)-Del Rio (15-9 eta 15-5)

Goikoetxea-Lekerika vs Goitia-Basque (15-14 eta 15-5)

Finalerdia:

Goikoetxea-Lekerika vs Johan-Lopez (15-8, 9-15 eta 5-4)