Pilota
EUSKO LABEL WINTER SERIES
Olharan eta Del Rio izango dira Erkiagaren eta Ibarluzearen aurkariak finalerdietan
A. A. | EITB MEDIA
Paueko aurrelariak eta Gasteizko atzelariak nahikoa zuten set bat eskuratzearekin, baina neurketa ere bereganatzeko gai izan dira hiru setetan (15-9, 14-15 eta 5-4). Hala, Erkiaga-Ibarluzea bikotearen aurka jardungo dute otsailaren 5ean, finalerako txartelaren bila.
Jean Olharan eta Julen del Rio sailkatu dira Eusko Label Winter Serieseko finalerdietara Erik Mendizabalen eta Ruben Bailoren aurkako neurketa irabazi ostean.
Txapelketako 11. jardunaldiari zegokion partidari 8-7ko emaitzarekin berrekin diote pilotariek, hau da, joan zen astean, kantxan zegoen hezetasunak behartuta, norgehiagoka bertan behera geratu zenean markagailuak erakusten zuen emaitza berarekin.
Paueko aurrelariak eta Gasteizko atzelariak osatzen duten bikoteak nahikoa zuen set bat bereganatzearekin txapelketan aurrera jarraitzeko. Euren aurkariek, ordea, lan zailagoak zituzten, 2-0eko emaitzarekin irabazi behar baitzuten lehia, eta gainera 6 tantoko aldearekin egin ere, baina ez dute inolako aukerarik izan euren asmoak erdiesteko. Izan ere, Olharan eta Del Rio bizi-bizi kantxaratu dira, eta berehala pilatu dituzte tantuak euren alde (12-7), batez ere gasteiztarraren indar erakustaldiarekin.
Eriki eta Bailori norgehiagokan sartzea kostatu zaiei, eta ohartu direnerako setak ihes egin die, eta, horrenbestez, sailkatzeko zituzten aukerarik gabe geratu dira (15-9).
Bigarren jokoak antzeko bidea izango zuela ematen bazuen arren (8-3 aurretik heldu dira atsedenera beltzezkoak), gerora partida asko estutu da, eta markagailuko zuloa apurka-apurka murriztea lortu dute mutrikuarrak eta noaindarrak, berdintzea lortu arte (14-14). Gainera, seta ere eskuratu dute, Olharani kontrakantxara joan baitzaio bere tanto saiakera (14-15).
Azken eta hirugarren setean emozioa egon da, berdinketa posible guztiak izan baitira markagailuan (1-1, 2-2, 3-3 eta 4-4), aurretik beti beltzez jantzitakoak zeudela. Alabaina, emozio adina hutsegite egon da azken joko horretan, eta hala erabaki da neurketa ere, Del Riok indar batean atzera bidali duen pilota ezin izan baitu saski barruan sartu Bailok (5-4).
Horrenbestez, erabakita geratu dira txapelketako finalerdiak. Urtarrilaren 29an, Goikoetxea-Lekerika (A multzoko lehenak) eta Johan-Lopez (B multzoko bigarrenak) izango dira aurrez aurre. Astebete geroago, otsailaren 5ean, ostera, Erkiaga-Ibarluzea (B multzoko lehenak) eta Olharan-Del Rio (A multzoko bigarrenak) arituko dira finalaren bila.
Arbe eta Manci, punturik gabe
Jaialdiko bigarren lehian, 12. jardunaldiari zegokion norgehiagoka jokatu da. Bertan, Laduche-Gorka eta Arbe-Manci izan dira nor baino nor gehiago. Nahiz eta sailkapenari begira ezer ez egon jokoan, bikote biek amaitu nahi izan dute euren parte-hartzea ahalik eta aho-zapore gozoenarekin. Hala, hori lortzeko gai izan dena Iparraldeko bikotea izan da 15-14 eta 15-14 gailendu baita bi setetan. Hartara, bikote bizkaitarra punturik ezin lortuta agurtu da txapelketatik.