Pilota
Eusko Label Winter Series
Johanek eta Lopezek euren lehen garaipena lortu dute Laduche eta Gorka debutarien aurka
EITB MEDIA
Lapurtarra eta zumaiarra bi setetan gailendu dira eta lau puntu bildu dituzte, kantxan izandako nagusitasunaren saria jasota. Urdinek huts ikaragarria egin dute partida berdintzeko dena alde izan dutenean.
Johan Sorozabalek eta Imanol Lopezek lehen garaipena lortu dute Eusko Label Winter Serieseko seigarren jardunaldian, Ludovic Laduche eta Gorka Sorozabal debutariei bi seteten gailenduta (15-8 eta 15-14).
Lehenengo seta bikain hasi dute Laduchek eta Gorkak. 0 eta 3 aurreratu dira, atzelarien arteko lehia protagonista izen den lehen tantoetan. Imanol Lopez eta Gorka Sorozabal nor baino nor gehiago aritu dira, tanto bakoitza azkenera arte lehiatzen. Baina Johanek eta Lopezek berehala irauli dute egoera, partidaren kontrola pixkanaka-pixkanaka hartuta.
Hiruna egin eta 6 eta 2ko partzialarekin 9 eta 4 aurreratu dira, bost tantoko aldea zabalduz. Alde hori bera izan dute beste hiru momentutan (10-5, 11-6 eta 13-8), azkenean eroso eta nagusitasunez irabazi duten jokoan (15-8).
Bigarren seta lehenengoa bezala hasi da, 3 eta 0eko partzialarekin, baina oraingoan Johan eta Lopezen alde. Urdinek jakin bazekiten bigarren setak ezin ziela ihesik egin, lehenengoa galdu ostean, eta ahalegin handia eginda, partida launa jarri dute. Hala ere, Johan eta Lopez nagusi izaten jarraitu dute Jai-Alaiko kantxan, eta 8 eta 4koarekin garaipena hurbil ikusi dute momentu horretan. Baina egoera gaiztotu egin zaie, eta nabarmen.
Huts erabakigarria
10 eta 5 aurretik izan diren arren, Laduchek eta Gorkak hortzak estutu dituzte eta 2 eta 6ko partzialarekin neurketa 13 tantora berdindu dute. 13 eta 14 ere izan dira aurretik, eta dena alde izan dutenean, sakean huts ikaragarria egin dute, bi aldiz jarraian luzeegi aterata. 14na markagailuan eta azken tantoa eta garaipena gorrien alde jausi da azkenean. Bidezko garaipena, partida osoan nagusi izan baitira Johan eta Lopez.
Aurrelari lapurtarrak eta atzelari zumaiarrak lortzen duten lehen garaipena da. Lau puntu bildu dituzte eta bost dituzte orotara, sailkapenean. Laduchek eta Gorkak, aldiz, euren estreinako partida galdu geratzen zaizkien bi norgehiagoketan punturen bat lortu beharko dute, aurrera jarraitu ahal izateko.