Pilota
Zesta-punta
Erkiaga eta Basque, Jai Alai World Tourreko txapeldunak
I. G. | EITB MEDIA
Urdinek gaizki hasi dute partida, baina egoerari buelta ematea lortu dute txapela bereganatzeko Goikoetxea eta Gorka mendean hartuta (15-10, 13-15 eta 4-5).
Aritz Erkiaga eta Thibault Basque nagusitu dira ostiral honetan Bilboko Deportivo frontoian jokatu den Jai Alai World Tourreko finalean azken setean Iñaki Osa Goikoetxea eta Gorka Sorozabal mendean hartuta (15-10, 13-15 eta 4-5). Urdinek gaizki hasi dute partida, baina egoerari buelta ematea lortu dute txapela bereganatzeko.
Lehenengo tantoetan bi bikoteak elkarri proban jartzen aritu dira, baina laster hartu dute agintea Erkiagak eta Basquek markagailuan aurretik jartzeko (3-7). Urdinak frontoiko atzealdea bilatzen aritu dira eta Goiko ahal izan duen guztietan sartu da jokoan bere bikotea laguntzeko.
Pixkanaka, gorriak pilotari abiadura sartzen hasi dira eta hori lagungarria izan zaie tantoak bereganatzeko, 9na jarriz markagailuan. 10. tantoarekin jarri dira Goiko eta Gorka aurretik. Atzeko frontisak kalte egin dio Basqueri akatsei dagokienez eta, 10 tanto jarraian eginez (14-9), lehen seta bereganatzea lortu dute Goikoetxeak eta Gorkak (15-10).
Bigarren setean, pilota aldaketarekin, Erkiaga-Basque bikoteak indarrak hartu ditu eta partidan sartu dira berriz lehen hiru tantoak eginez. Hala ere, gorriek bere jokoa egiten jarraitu dute eta aldea ahalik eta txikiena izatea saiatu dira (4-5).
7na jarri dira markagailuan, eta oraingoan ez da batere argi egon nor gailendu zatekeen. 8ko berdinketarena izan da tantorik luzeenetarikoa: bi minutu baino gehiago eta 38 pilotakada. Gainera, Basquek min hartu du, eta jokatzen jarraitu ahal izan duen arren, Erkiaga behar baino gehiagotan sartu behar izan da jokoan laguntzeko.
Asko lehiatutako seta izan da, baina azkenean urdinak nagusitu dira eta dena azken seterako utzi dute.
Espero bezala, azken tantoak ere bizi-biziak izan dira. Erkiagak eta Basquek hartu dute aurrea berriz, Goikok eta Gorkak buelta eman diote markagailuari, baina azken tantoetan urdinak izan dira nagusi eta finala bereganatu dute.
Iñaki Osa Goikoetxearen azken partida Bilbon
Iñaki Osa 'Goiko' historiako puntistarik onenetako batek agur esan dio Bilbori Jai Alai World Tourreko finalean. Datorren urteko otsailean utziko du pilota profesionala, 27 urteko ibilbidea egin ondoren. Beraz, zumaiarra ezin izan da garaipen batekin agurtu.
Partida, tantoz tanto
Lehen seta: 1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 2-3, 2-4, 2-5, 2-6, 3-6, 3-7, 4-7, 4-8, 4-9, 5-9, 6-9, 7-9, 8-9, 9-9, 10-9, 11-9, 12-9, 13-9, 14-9, 14-10, 15-10.
Bigarren seta: 0-1, 0-2, 0-3, 1-3, 1-4, 2-4, 3-4, 3-5, 4-5, 4-6, 4-7, 5-7, 6-7, 7-7, 7-8, 8-8, 8-9, 9-9, 9-10, 10-10, 11-10, 11-11, 12-11, 12-12, 13-12, 13-13, 13-14, 13-15.
Hirugarren seta: 0-1, 0-2, 1-2, 1-3, 2-3, 3-3, 4-3, 4-4, 4-5.