Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Eusko Label Winter Series

Goikok eta Lekerikak bi setetan menderatu dituzte Erik eta Minvielle, Eusko Label Winter Serieseko hasieran

EITB MEDIA

Aurrelari zumaiarrak eta atzelari gernikarrak 15-8 irabazi dute aurreneko jokoa, eta bigarrenean 15-9 gailendu dira. Hala, lau puntu lortu dituzte A multzoan; Erikek eta Minviellek, ordea, ezin izan dute punturik eskuratu lehen jardunaldiko partidan.

1:02
Goikoetxea eta Lekerika nagusi, Winter Serieseko lehen jardunaldian

Iñaki Osa Goikoetxeak eta Unai Lekerikak bi setetan menderatu dituzte Erik Mendizabal eta David Minvielle, 15-8 eta 15-9, astelehenean, 2023-24 denboraldiko Eusko Label Winter Series txapelketako lehen jardunaldiko partidan, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan. Hala, Goikoetxeak eta Lekerikak lau puntu lortu dituzte A multzoan, eta Erikek eta Minviellek ez dute punturik eskuratu. Bikote irabazlea gehiago izan da, eta merezita bereganatu du garaipena.

Beteta zegoen Gernikako Jai Alai pilotalekua partida hasi denean, eta giro bikaina zegoen harmailetan; are gehiago, kontuan izanik Gernika-Lumon jaieguna izan dela (Urriko Azken Astelehena). Testuinguru horretan, Goikok eta Lekerikak eta Erikek eta Minviellek estreinaldian ohikoa izaten den tentsioa zuten kantxaratu direnean. Beraiek ziren protagonistak 2023-24ko Eusko Label Winter Serieseko aurreneko jardunaldian, eta A multzoan lehenengo puntuak batzeko aukera zuten, goiko postuetan tokia hartzen joateko. Zesta-puntako neguko txapelketa handiari hasiera emateko erantzukizuna izan dute, eta zale guztien begiradapean zeuden.

Erikek eta Minviellek aurkariek baino zailtasun askoz ere handiagoak izan dituzte presio horri aurre egiteko norgehiagokaren hasieran, eta Goikok eta Lekerikak espero baino erosoago eskuratu dute aurreneko jokoa. Erik Mendizabalek egin du hirugarren Winter Serieseko lehenengo sakea, baina aurrelari zumaiarrak eta atzelari gernikarrak berehala erdietsi dute 5-0eko aldea, eta horrek asko baldintzatu du partidaren hasiera. Erik eta Minvielle 4-5 jarri dira, baina ez dute berdintzerik izan, eta aurkariek 10-4ko emaitza jarri dute gero markagailuan; Goikok eta Lekek oso ondo bideratu dute lehenengo jokoa, eta, azkenean, 15-8 gailendu dira.

Neurketa ez da gehiegi aldatu bigarren jokoan, horretan ere argi nagusitu baitira Goikoetxea eta Lekerika. Aurkariak 4-2 aurreratu dira, baina, hortik aurrera, hamar tanto jarraian egin dituzte, seiko aldea eskuratuta (10-4), eta ez dute oztoporik izan seta irabazteko. 15-9 gailendu dira, eta emaitzak ondo erakusten du kantxan zer gertatu den.

Erkiaga-Ibarluzea eta Johan-Lopez bikoteak arituko dira nor baino nor gehiago bigarren jardunaldian, datorren astelehenean. B multzoko lehenengo partida izango da, eta atzelari txapelduna arituko da bertan, Imanol Lopez hain zuzen.

Hasi da Eusko Label Winter Series, eta asteleheneko gauak zesta-puntarakoak izango dira, otsailera bitartean.