Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

1. FINALERDIA

Maite eta Maialen, Durangoko Winter Serieseko finalistak Arakistaini eta Fridari irabazita (15-12, 15-13)

B. L. G. | EITB MEDIA

Partidan sartzea kostatu bazaie ere, pixkanaka tantoak bilduz joan dira eta bi setak bereganatu dituzte Maitek eta Maialenek, finalera sailkatzeko.

1:10
Women Winter Series

Emakumezkoen Winter Series txapelketako lehen finalistak Maite eta Maialen dira. Bi setetan (15-12, 15-13) garaitu dituzte Arakistain eta Frida, eta martxoaren 13ko finalean izateko txartela lortu dute.

Ezkurdi frontoia eta Durango zain zituzten Maite-Maialen eta Arakistain-Frida bikoteek. Emakumezkoen Winter Serieseko lehen finalerdiak ikusmina piztu du, eta Durangoko frontoi eraberrituak sarrera polita izan du.

Hala ere partida hotz hasi da. Bikote laranjari partidan sartzea kostatu zaio, lehen sakean falta egin ostean, eta zuriek 4 tanto egin dituzte jarraian. Gutxinaka aldea txikitzen joan badira ere, zuriak aurretik joan dira atsedenaldira (5-8).

Atsedenalditik bueltan, lehen tantoa ere zurien aldekoa izan da. Arakistainek 9. tantoa lortu du, dejada bikaina eginez, baina orduan suspertu dira laranjak. Maitek eta Maialenek 9-9ko emaitza jarri dute markagailuan, segida luzea eginez. Aurretik, bi pareta bikaina egin du Maitek, markagailuan 8-9ko emaitza jartzeko.

Partida erritmoa hartzen hasi da, eta beste norgehiagoka bat ikusi da lehen berdinketatik aurrera. Beste bi aldiz jarri dira parean (10-10 eta 11-11). Laranjek, baina, beste 3 tanto egin dituzte jarraian, hasieran eman duten itxura iraulita. Zuriek 14-12koa egin badute ere, ezin izan dute ekidin seta Maitek eta Maialenek irabaztea.

Bigarren seta benetan parekatua izan da. Guztira 8 berdinketa egon dira: 2-2, 4-4, 5-5, 6-6, 7-7, 11-11, 12-12 eta 13-13. Bata bestearen atzetik ibili dira markagailuan tartea lortu ezinik, eta alde handiena bi tantokoa izan da. Tanto dotoreak ikusi dira bidetik. Laranjek txik-txak batekin eskuratu dute 3-2koa; Fridak pilota zaila jasotzea lortu badu ere, txapa azpira joan zaio gero.

Hala ere, partidako tanto dotoreenetakoa zuriek eskuratu dute: Arakistainek txik-txak ederra egin du, eta Maitek era ikusgarrian lortu du pilota eramatea; bigarren saiakeran, baina, aurrelari zuriak helburua lortu du, eta laranjek ezin izan dute eraman buruz gain pasa zaien pilotakada. Azkenean, 13-13 berdinduta zirela, laranjek bi tanto jarraian eginda eskuratu dute bigarren seta eta finalerako txartela.

Lauko finalean, Barandika izango da finalista

Binakako partidaz gain, Gernikako Jai Alai Winter Serieseko banakako lauko finala ere jokatuko da. Lehen partidan, Johan eta Barandika aritu dira buruz buru, eta gernikarrak eskuratu du finalerako txartela, bi setetan emaitza bera eskuratuta: 15-11.

Lehen seta oso berdinduta hasi da, eta 5-5 berdindu duten arte ez dute alde handirik lortu pilotariek. Barandika, ordea, 13-5 jarri da aurretik gero, 8 tanto jarraian eginez. Hala ere, Johanek eman du zer esanik, eta bi tanto egin ditu Barandikak 14.a egiterako. Azken tantoa, baina, aldapa gora jarri zaio gernikarrari, eta 4 tanto jaso ditu seta ixtea lortu duenerako (15-11).

Bigarren setean ere, lehengo lepotik burua. Guztira sei berdinketa egon dira atsedenaldira heldu baino lehen: 1-1, 3-3, 4-4, 5-5, 6-6 eta 7-7. Aldageletatik bueltan, abantaila hartu du berriro Barandikak, 13-8 jartzeraino. Johanek aldea murriztu du, markagailuan 13 eta 11koa jarrita. Gernikarrak, ordea, ez dio partidari alde egiten utzi, eta aurtengo bigarren finala jokatuko du.