Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

3. JARDUNALDIA

Olharanek eta Basquek zailtasunik gabe gainditu dituzte Urrutia eta Aimar

B. L. G. | EITB MEDIA

ProAm txapelketatik sailkatutako bikoteak ez du Olharan eta Basqueri aurre egiteko aukerarik izan, eta bi setetan galdu du (15-6 eta 15-5).

1:11
Thibault Basque (ezkerrean) eta Jean Olharan (eskuinean)

Eusko Label Winter Serieseko 3. jardunaldian Jean Olharan eta Thibault Basquek lau puntu bereganatu zituzten; izan ere, Thomas Urrutia eta Aimar Aldazabalek osatutako bikoteak, hots, ProAm txapelketa bereganatuta Winter Seriesean egoteko txartela eskuratu zuen bikoak, ez zien zailtasunik jarri laranjei. Hala, erraztasunez gailendu ziren irabazleak bi setetan (15-6 eta 15-5).

Hasieratik ikusi zen partidak zein norabide hartuko zuen. Bikote zuria irabazten hasi bazen ere (0-1), Olharanek eta Basquek 4 tanto egin zituzten jarraian. Urrutiak eta Aimarrek tantoren bat egiten bazuten ere, laranjek berehala berreskuratzen zuten sakea (4-2 eta 5-3). Partzial handienak Olharanen eta Basqueren aldekoak izan ziren lehen zatian. Lehen seteko azken zatira 10 eta 4 heldu ziren laranjak aurretik, eta zuriek bi tanto egin bazituzten ere, erraz gailendu ziren faboritoak (11-5, 14-6 eta 15-6).

Bigarren setak bide-orri bera izan zuen, hau da, zuriak ezinean aritu ziren partida bereziki ona egin ez zuten laranjen aurrean. Hala, laranjak hasi ziren aurretik bigarren joko horretan (2-0, 2-1 eta 4-1), eta zurien bigarren tantoa jaso ondoren, 8-0eko partzial erabakigarria egin zuten Olharanek eta Basquek (12-2).

Orduan, bi tanto jarraian egin zituzten Urrutiak eta Aimarrek (12-4), baina ordurako, partidak ez zuen atzera bueltarik. Azken kolpea laranjak tanto baten faltan zirela eman zuten (14-5), alferrik. Azkenean, Olharan-Basque bikoteak 15-5 bereganatu zuen bigarren seta.

Horrenbestez, Olharan eta Basque A multzoko buruan jarri dira, 4 puntu bilduta; Urrutia eta Aimar, berriz, azken postuan daude. Barandika eta Lekerika bigarren dira orain, eta Erkiaga eta Zabala, hirugarren.