Pilota
1. JARDUNALDIA
Barandika-Lekerika bikoteak garaipen zirraragarriarekin estreinatu du Winter Seriesa, Erkiaga-Zabalaren aurka
B. L. G. | EITB MEDIA
Gernikako puntistek hiru setetan irabazi zieten egungo txapeldunei, markagailua iraulita (15-10, 9-15 eta 4-5).
Xabi Barandika eta Unai Lekerika gernikarrek estreinaldi ezin hobea eman zioten Eusko Label Jai Alai Winter Series txapelketaren bigarren denboraldiari; izan ere, Aritz Erkiaga eta Jon Zabala iazko txapeldunei gailendu zitzaizkien amaiera zirraragarria izan zuen neurketan. Lehen seta laranjentzat izan bazen ere (15-10), etxeko puntistek partida irauli zuten eta hurrengo bi setak eraman zituzten (9-15 eta 4-5).
Gernikako Jai-Alai pilotalekua mukuru bete zen urteko ekitaldi garrantzitsuenari ekiteko prest. Partidak ez zuen gutxiago merezi, Winter Serieseko lehenengo irabazleak eta gernikar biz osatutako bikoteak baitzeuden aurrez aurre kantxan. Urriko azken astelehena izaki, giroa ezin hobea zen txapelketari ekiteko.
Lehen seta parekatuta hasi zen (3-3). Ondoren, Erkiagak agintzeari ekin zion, eta hari esker bikote txapeldunak aurrea hartu zuen lau tanto jarraian eginez (7-3). 8 eta 5eko markagailuarekin heldu ziren etenaldira. Barandika-Lekerika bikotea tartea txikitzen ahalegindu bazen ere, Erkiaga eta Zabalak sendotasunez bereganatu zuten lehen jokoa (15-10).
Bigarren setaren hasieran ere oreka izan zen nagusi, zenbait berdinketarekin (4-4 eta 6-6), baina etxekoak izan ziren atsedenaldira aurretik iritsi zirenak (6-8). Aldageletatik bueltan, dinamika bera mantendu zen jokoan, eta aldea 6-10era areagotu zuten. Azkenean, zuriek eskuratu zuten bigarren seta (9-15).
Horrela, hirugarren set erabakigarria jokatu behar izan zuten, lehen jardunaldiko garaipena zehazteko. Barandika eta Lekerikak primeran ekin zioten, eta 1 eta 4 jarri ziren agintzen. Laranjek, aldiz, erakutsi zuten iaz ez zirela kasualitatez garaile izan, eta berdintzeraino iritsi ziren (4-4). Aitzitik, etxekoek ez zuten amore eman, eta Barandikak txokoan utzitako pilota batek, Erkiaga zabalean zela, eman zien garaipena (4-5).