Pilota
Zesta-punta
Winter Series txapelketa astelehenean, urriaren 31n, abiatuko da zortzi bikoterekin
EITB Media
Zesta-puntako txapelketa honen finala otsailaren 19an jokatuko da. 16 jaialdi izango ditu orotara eta 8 bikote ibiliko dira lehian. Partida guztiak zuzenean eskainiko dituzte eitb.eus-ek eta ETB1ek.
Jai Alai Winter Series txapelketa astelehenean, urriaren 31n, hasi eta otsailaren 19an bukatuko da. Orain arte edizio bakarra egin den arren, ospe eta prestigio handia hartu du. Partida guztiak zuzenean eskainiko dituzte eitb.eus-ek eta ETB1ek.
Jaialdi kopurua bikoiztu egin da bigarren edizio honetan, 8 jaialditik 16ra pasatuta. Gainera, txapelketak lau hilabete iraungo du aurten, iaz bi hilabete iraun zuelarik; ondorioz, partida eta telebista bidezko proiekzio gehiago izango du txapelketak, eta pilotari gehiagorentzat aukera.
Winter Seriesek gazteen aldeko apustua egingo du aurten eta 16 izango dira parte hartuko duten puntistak; hau da, iaz baino lau gehiago. Lehenengoz jokatuko dute Thomas Urrutia eta Aimar Aldazabal Winter Series Pro-Am txapelketako irabazleek, gonbidatuak izan diren Johan Sorozabal (Biarritz, 21 urte) eta Julen del Rio (Gasteiz, 25 urte) puntistek, baita Jon Tambourindeguy eta David Minviell Iparraldeko bikoteak. Azken hauek ezagunak dira zesta-punta munduan eta esperientzia handia dute goi-mailako lehiaketetan. Gainerako pilotariak, ezagunak dira: Erkiaga, Zabala, Goikoetxea, Etcheto, Beaskoetxea, Lopez, Barandika, Lekerika, Olharan eta Basque.
Euskal Telebistaren babes sendoa
Proiektu honek Euskal Telebistaren babes osoa du. Partida guztiak eskainiko dituzte ETB1en eta eitb.eus-en, "prime-time" ordutegian. Norgehiagokak astelehenetan jokatuko dira, igandea den otsailaren 19ko finala izan ezik. EITB Mediak bere baliabide tekniko eta profesionalak bideratuko ditu kirol emankizun bat baino askoz gehiago eskaintzeko.
Multzoak eta lehen partida
Puntistak bi multzotan banatuta egongo dira. A multzoa osatuko dute Barandika-Lekerika, Erkiaga-Zabala, Olharan-Basque eta Urrutia-Aimar bikoteek; bestalde, B mulztoan lehiatuko dira Beaskoetxea-López, Goikoetxea-Etcheto, Tambourindeguy-Minvielle eta Johan-Del Rio bikoteak.
Txapelketari hasiera emango dion partida urriaren 31n, astelehenean, jokatuko dute Erkiaga-Zabala eta Barandika-Lekerika bikoteek.
A multzoa:
Barandika - Lekerika
Erkiaga- Zabala
Olharan - Basque
Urrutia – Aimar
B multzoa:
Beaskoetxea -Lopez
Goikoetxea - Etcheto
Tambourindeguy - Minvielle
Johan - Del Rio
2022-2023 Jai Alai Winter Series txapelketako sailkapenak, emaitzak eta egutegia