Pilota
Gatazka
Ezkurdiak, Altunak, Olaizolak eta Urrutikoetxeak pilotari elkarte bat bultzatuko dute
EITB.EUS
Egun pilota profesionalak eta lehiaketek bizi duten egoerari irtenbidea bilatu nahi diote.
-
Eskupilotako pilota bat. Argazkia: ETB
Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna (Aspe) eta Mikel Urrutikoetxea eta Aimar Olaizola (Baiko) pilotariek aurrerapauso bat egitea erabaki dute, "gaur egun pilota profesionalak eta lehiaketek bizi duten egoera ikusita". Besteak beste, "pilotari elkarte bat" sortzeko asmoa plazaratu dute, "arazo honi guztiari ahalik eta lasterren irtenbidea bilatzeko", lau pilotariek sinatutako idatzi baten arabera.
Horrenbestez, etorkizuneko elkarte horren buru aipatu lau pilotariak egongo lirateke, eta euren asmoa da elkartea "EPELeko pilotarientzat eta bi enpresentzat (Aspe eta Baiko) zabalik egotea". Hori dela eta, bi enpresetako pilotariei bat egiteko aukera eskaini diete, eta "48 orduko epea" eman diete euretako edozeini erantzuna jakinarazteko.
Ezkurdiak, Altunak, Urrutikoetxeak eta Olaizolak elkarte horren bidez negoziatu nahi dituzte "esku pilota profesionalaren sektorean etorkizunean sor daitezkeen puntu garrantzitsuak".
Oharrean jakitera eman dutenez, dagoeneko bildu dira bai Esku Pilota Enpresen Ligarekin, Asperekin eta Baikorekin, euren asmoaren berri eman eta "zenbait punturi buruzko planteamendua" egiteko. Tartean, "duela gutxi kontratuak berritu ez zituzten pilotariekin negoziatzen hastea" eskatu diete, eta enpresek "horietako batzuekin hitz egiten hastea" onartu dute. Horrez gain, Buruz Buruko Txapelketaren hasiera "astebetez" atzeratzeko aukera ere mahaigaineratu dute, eta EPELeren oniritzia jaso dute.
Ez dira planteatu dituzten gai bakarrak, baina gainerakoak "datozen egunetan" lantzen joango direla zehaztu dute.
"Espero dezagun gaur ematen hasi garen urrats honek esku-pilota profesionala eta oro har pilota bizitzen ari den egoera hobetzea, eta normaltasuna lehenbailehen lortzea" esanez bukatu dute Ezkurdiak, Altunak, Urrutikoetxeak eta Olaizolak euren idatzia.