Gizartea
Euskal Pilota Selekzioa
Gotzon Enbil: "Borrokatu beharko da oraindik"
EITB Media
Nazioarteko Federazioak ofizialtasuna aitortu eta biharamunean, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza (EEPF) pozik bezain zuhur dago. Onarpen agiria eskutan, etor daitezkeen helegiteei adi, Federakuntzak lanean jarraituko du Selekzioaren bide hori urratzen eta beharrezko pausoak ematen.
-
Gotzon Enbil.
Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza (EEPF) eskubide osoko kide gisa onartu eta biharamunean, poza bezain nabaria da zuhurtzia; izan ere, orain arte bezala, ofizialtasuna lortzeko bideak bihurguneak izan ditzake oraindik ere.
Gotzon Enbil Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzaren presidenteak goizean EITBri azaldu dionez, atzoko bozketaren ostean, Nazioarteko Federazioak ohar ofiziala noiz bidaliko zain zeuden eta jakinarazpena igandeko azken orduan iritsi zaie.
Orain, erabakiaren kontra daudenek helegiteak jarriko ote dituzten edo ez ikusi beharko da. Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiari begira daude orain, ez baitago guztiz argi hark baimena emango duen ala ez. Enbilen ustez, Kontseiluak ez du argudiorik erabakia atzera botatzeko: "Nazioarteko Federazioak onartu gaituen momentutik, ulertzen dugu badugula ofizial izateko baimen hori".
Horren hitzetan, Euskal Pilota Federazioak bideratu nahi zuen eskaeraren berri eman zion Kontseiluari, eta hark ez zuen arazorik ikusi, baina pausoak aztertuko zituela esan zuen.
Hala ere, Enbilen iritzian, "borrokatu beharko da oraindik", ikusi beharko delako alegazioak dauden eta zein norabidetan datozen, "guk aurreikusi ez dugun zerbaitekin etor daitezkeelako, beharbada".
Espainiak ezin izan zuen bozkatu larunbateko asanbladan, zigor batzuk direla eta; haserre agertu zen Juan Garcia Angulo Espainiako Pilota Federazioaren presidentea, eta gaia "azken muturreraino" eramango dutela esan du. Edonola ere, Euskal Federakuntzaren abokatua etor litekeenari adi dago jada.
Enbilek aitortu duenez, bozkatu ahal izatea bera izan zen asanbladako gakoa. Artean kide ez zen heinean, Euskal Federakuntzak ezin zuen bileran parte hartu, eta beste federazio batzuen bitartez bideratu zuten eskaera. "Bozketara iristea zen zailena, baina bagenekien, hala esan zigutelako, bozkatzeko aukera egongo balitz, aukera handiak zeudela aurrera ateratzeko", azaldu du.
Federazio askorekin aritu dira hitz egiten azken bolada luzean, "gure jarrera erakusten, gure intentzioa zein zen azaltzen"; izan ere, "azken finean, gure kirola da eta gu gara interesatuenak munduan kirol hau zabal dadin".
Euskal Federakuntzak beste federazioetako arduradunak ekar diezazkiekeen onurez konbentzitzeko bide horretan, Euskal Federakuntza Euskal Pilotari "laguntzeko" dagoela azpimarratu dute, baita, besteak beste, Euskadin "erabili ahal izateko instalazio asko" daudela ere.
"Pilotarentzat bultzada" izango da
Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidentearen iritziz, ofizialtasuna "bultzada handia" izango da pilotarentzat: "Federazioak bazituen orain arte selekzioaren talde batzuk, baina orain, modalitate denetan eta munduko txapelketa guztietan parte hartu ahal izango dugu". Munduko txapelketetan selekzio bat gehiago izango da, eta "Euskal Selekzio modura jokatuko dugu Espainiaren kontra, Frantziaren kontra eta Mexikoren kontra, esaterako".
Jauzi horrek, baina, egiturak eta lan-moldeak ere egokitzea eskatzen du, eta "hautatzaile, entrenamendu eta teknifikazio" alorrean, esaterako, badago zereginik, Enbilen aburuz. Gazteak pilotara erakartzeko ere "modu ona" dela uste du.
Dena den, momentuz, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko pilotariak ezingo dira Euskal Selekzioan aritu, Euskadiko Federakuntzak lortu baitu aitortza hori; beraz, horren lizentzia dutenak baino ezingo dira Euskal Selekzioarekin aritu.