Reala
Zigorra
Anderlechtek datozen hiru partidetan bere zaleei ezingo die sarrerarik saldu, Anoetan izandako istiluengatik
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Belgikako taldeak, bestalde, 30 eguneko epea du Realarekin harremanetan jartzeko bere jarraitzaileek Reale Arenan eragindako kalteak konpontzeko.
-
Reala VS Anderlecht Argazkia: EFE.
UEFAko Apelazio Batzordeak zigorra jarri dio Anderlecht Belgikako taldeari, Europa Ligako partidan (1-2) Realaren zelaian izandako istiluen ostean, datozen hiru partidetan bere zaleei sarrerak saltzea debekatuta.
UEFAk ostiral honetan baieztatu du Diziplina Batzordearen erabakia. Debeku horren arabera, baldintzapean zuen partida bat eta bi partida gehigarri izango ditu Belgikako taldeak Donostian izandako istiluengatik. Halaber, 60.000 euroko isun ekonomikoa jarri diote klubari, objektuak jaurtitzearen, ikusleen arteko istiluen eta estadioan edo instalazioetan eragindako kalteen erantzukizuna egotzita.
Anderlechtek partida bateko zigorra bete zuen, bere jarraitzaileei sarrerarik saldu gabe, 2022ko urrian, Conference Leaguen, West Hamen zelaian izandako antzeko gertakariengatik, eta beste bat baldintzapean zuen bi urteko epean (bete egin beharko du, beraz), diziplina-araudiaren 26. (3) artikuluaren arabera.
Belgikako taldeak, bestalde, 30 eguneko epea izango du Realarekin harremanetan jartzeko bere jarraitzaileek Reale Arena estadioan eragindako kalteak konpontzeko.
Partidaren lehen zatian, Anderlecht taldeko ultrek bisitarien harmailetan jarritako segurtasun hesia hautsi zuten, eta objektuak bota zituzten, eserlekuak tartean, beheko harmailetara.
Bost pertsona atxilotu zituzten agintaritzaren aurkako atentatua, desordena publikoak eta agenteei aurre egitea egotzita.
UEFAren zigorrak ezagutu aurretik, bestalde, klubak atzo iragarri zuen Mauves Army ultra taldeko kideei ez diela etxetik kanpoko partidetara bidaiatzen utziko Donostiako gertakariengatik.