Reala
Erregina Kopa
Reala, Kopako finalera
EITB MEDIA
Talde txuri-urdinak Atletico Madril menderatu du, Reale Arenan, finalerdietako itzuliko partidan, 2-1, eta bikain lortu du bere historiako Erregina Kopako bigarren finalerako sailkatzea. Franssik eta Jensenek sartu dituzte Realaren bi golak.
-
Realak finalerako sailkatzea lortu du, partida bikaina jokatuta. Argazkia: EFE.
Realak 2023-24 denboraldiko Erregina Kopako finalerako sailkatzea lortu du, asteazkenean, Kopako egungo txapelduna den Atletico Madril kanporatuta. Talde txuri-urdinak Atletico Madril menderatu du, Reale Arenan, finalerdietako itzuliko partidan, 2-1, eta bikain lortu du bere historiako Erregina Kopako bigarren finalerako sailkatzea. Sanni Franssik, 18. minutuan, eta Synne Jensenek, 60.ean, sartu dituzte Realaren bi golak, eta Sheila Guijarrok, 62.ean, 2-1ekoa jarri du.
Lehen zatian bizi-bizi jokatu dute bi taldeek, erasoaren bila une oro. Lehia horretan, Reala irten da garaile, 18. minutuan izandako jokaldiari esker: Amaiur Sarriegik, ezkerretan, pase sakon ona jaso, penalti puntura erdiratu du, eta Jensen oso gutxigatik ez da iritsi; Sanni Franssik, baina, bigarren zutoinean, baloia hartu du eta Lola Gallardoren aterantz joan da, Madrilgo taldeko bi atzelari atzean utzi ditu, eta bikain sartu du 1-0ekoa. Anoetak eztanda egin du, aurrelari finlandiarraren golarekin.
Atsedenaldira arte, Reala eta Atletico Madril parean ibili dira. 27. minutuan, Nerea Eizagirrek, korner batean, gertu izan du gol olinpikoa; Ajibadek, Atletico Madrilen aldetik, 35. minutuan, banakoa egitetik hurbil-hurbil izan da, baina ez da heldu errematera, ate aurrean bakarka zegoela.
Atsedenaldiaren ostean, Amaiurrek, 60. minutuan, ezin hobeto eman dio sakonean Synne Jenseni, eta norvegiarrak, oso sendo eta indartsu lasterketan, 2-0ekoa sartu du. Realak finalerako txartel erdia, baina, ia jarraian, erasoko jokaldi azkar batean, Sheila Guijarrok 2-1ekoa egin du. Kanporaketak, beste behin, emozio ikaragarria zuen.
Neurketa amaitzeko gelditzen zen ordu erdian, Atletico Madrilek ahalegin handia egin du bigarren gola sartu eta finalerdia luzapenera eramateko, baina Reala oso sendo aritu da atzealdean, eta, hori gutxi balitz bezala, Jensenen bidez, Gipuzkoako taldeak eskura izan du 3-1ekoa; aurrelariak, 94. minutuan, langara jaurti du.
Partida amaierarekin batera, festa benetan handia izan da Reale Arenan, Realaren balentria ospatzeko. Natalia Arroyoren taldea, hala, finalean da aurkariaren zain; Bartzelona edo Athletic izango da finalean izango den beste taldea, maiatzaren 18an, oraindik zehaztu gabe dagoen zelai batean.
Fitxa teknikoa
2 - Reala: Lete; Emma, Vanegas, Tejada, Bernabé; Aparicio, Andreia, Nerea (Lorena, 83. min); Franssi (Mirari, 90+1. min), Jensen eta Amaiur (Cecilia, 72. min).
1 - Atletico Madril: Gallardo; Shei, Cinta (Benini, 67. min), Menayo, Moraza (Moral, 79. min); Boe Risa (Vitoria, 46. min), Gaby, Santos; Ajibade (Navarro, 58. min), Sheila eta Ludmila (Cardona, 79. min).
Golak: 1-0, 19. min: Franssi; 2-0, 60. min: Jensen; 2-1, 62. min: Guijarro.
Epailea: Marta Huerta de Aza (Gaztela eta Leongo Batzordea). Realeko Aparicio eta Atletico Madrileko Boe Risa zigortu ditu, txartel horia ateraz.
Gertakizunak: Erregina Kopako finalerdietako itzuliko partida, Reale Arenan. 15.265 zale izan dira bertan.