Itxi

Reala

Erregina Kopa

Realak Levante kanporatu du (1-2), bigarren zatian bikain jokatuz, eta Erregina Kopako finalerdietan da

EITB MEDIA

Levantek sartu du partidako aurreneko gola, lehen zatian, baina talde txuri-urdinak joko ikusgarria egin du bigarren zatian, eta markagailua irauli du. Sanni Franssik eta Manuela Vanegasek sartu dituzte Realari garaipena eman dioten golak; Natalia Arroyoren taldea ostiraleko zozketan izango da.

0:52
Realaren golak, Levanteren aurkako partidan, Erregina Koparen final-laurdenetan

Realak 2023-24 denboraldiko Erregina Kopako finalerdietarako sailkatzea lortu du, ostegunean, final laurdenetako kanporaketan Levante Buñolen 1-2 mendean hartuta. Sanni Franssik, 57. minutuan, eta Manuela Vanegasek, 70.ean, Realari garaipena eman dioten golak sartu dituzte. Txuri-urdinek ezin hobeto jokatu dute bigarren zatian, eta merezi izan dute azkenean eskuratu duten sailkatzea.

Realak erronka zaila zuen Buñolen, kontuan izanik Levante aurkari biziki gogorra zela. Valentziako taldea hirugarren postuan dabil F Ligan, 34 puntu dituela, hau da, Realak baino bederatzi puntu gehiago; Donostiako taldea zazpigarren tokian da. Jose Luis Sanchez Verak entrenatzen dituen jokalariek, etxean jokatzen ari zirela baliatuta, erritmo bizia eman diote partidari hasieratik, baina txuri-urdinek erantzun ona eman dute aurreneko minutu horietan. Andrea Tarazona Levanteko atezainak laugarren minutuan izan du zeregina aurreneko aldiz, neurketako lehenengo erasoa Realak egin baitu.

Etxekoek, baina, kolpe latza eman diote Realari ia segituan. Zazpigarren minutuan, Alba Redondo ondo sartu da ezkerretik, eta area txikira erdiratu du; bertan, Natasa Andonovak, hasiera batean Elene Letek baloia aldenduta, jaurti eta gola sartu du. Etxeko taldeak alde jarri du markagailua, eta Realak emaitza irauli behar zuen.  

1-0ekoak sendotu egin du Levante; Valentziako taldeak ondo kontrolatu du Reala atsedenaldira arte. Indartsu ibili da zelai erdian, eta azkar hegaletan, eta, hala, ez da estuegi ibili aldeari eusteko. Realak, baina, ez du amore eman; 40. minutuan, Amaiurrek sareetara bidali du, baina jokoz kanpo zegoen, eta golak ez du balio izan. Horrenbestez iritsi da atsedenaldia, etxeko taldea gailentzen ari zela.

Bigarren zatian, Realak aurrera egin du

Bigarren zatian, Reala hobeto sartu da partidara, berdinketaren bila. Oso gutxigatik ez du lortu 52. minutuan; orduan, Levanteko atzelariek eta atezainak ez dute elkar ondo ulertu, eta Mendezek saihestu du banakoa, atepean, baloia barrura zihoala. Franssik, jarraian, ondo jaurti du, eta errematea gutxigatik joan da kanpora.

Amaiurrek eta Franssik abagune on bana izan dute berdinketa lortzeko. Argi zegoen bigarren zatiko hasiera itxaropentsu egoteko moduko argudioak ekartzen ari zela. Eta, hala, hamabigarren minutuan, 57.ean, Sanni Franssik, Jensenek egindako jokaldi on baten ostean, area ertzean jaso eta jaurtiketa egin du; aurrelariak gola sartu du.

60. minutuan, Nerea Eizagirrek jokaldi ikusgarria egin du. Realeko kapitainak area ertzean jaso du baloia, zuloa bilatu, eskuinez jo, eta baloia langara joan da, zuzen-zuzenean. Eta bost minuturen buruan, 65.ean, zutoinak eragotzi du Realak markagailuan aurrea hartzea, Andreia Jacintok egindako jaurtiketaren ostean.

Reala bigarren zatian erakusten ari zen joko bikainak 25. minutuan jaso du saria, beste behin. Manuela Vanegasek, falta batean, ezker hankan dituen trebetasuna eta indarra baliatu du, eta gol ederra sartu. Merezi zuten Natalia Arroyoren jokalariek gol hori, argi, eta amaierarako hogei bat minutu gelditzen zirela gauzatu dute.

Sendo aritu da Reala, emaitza alde zuela. Levantek luzapenean sortu du arriskua, Alba Redondok area barruan egindako erremate baten bidez, baina Ana Tejada aurrean jarri da eta baloia urruntzea lortu du, maisuki. Pozarren hartu dute jokalari txuri-urdinek partidako amaiera; izan ere, finalaurrekoetan dira jada, beste aurkari baten zain. 

Fitxa teknikoa

1 – Levante: Tarazona; Lloris, Mendez, Mendoza, Paula Tomas (Antonia, 76. min); Paula Fernandez, Leire Baños (Estela, 76. min), Angela Sosa (Daniela, 57. min); Erika (Gabi Nunes, 62. min), Andonova eta Alba Redondo.

2 – Reala: Lete; Cecilia (Emma, 53. min), Tejada, Vanegas, Bernabe; Andreia Jacinto, Apari, Eizagirre; Jensen, Franssi eta Amaiur (Mirari, 84. min)

Golak: 1-0, 7. min: Andonova. 1-1, 57. min: Franssi. 1-2, 70. min: Vanegas.

Epailea: Andrea Firvida (Aragoiko Batzordea). Levanteko Lloris eta Tomas, eta Realeko Vanegas, Tejada, Jensen eta Andreia zigortu ditu, txartel horia ateraz.

Gertakizunak: Erreginaren Kopako final laurdenetako partida, Buñolen. 250 zale izan dira.