Futbola
Erregina Kopa
Alavesek, Bizkerre mendean hartuta, eta Osasunak Erregina Kopako lehen kanporaketa gainditu dute
EITB MEDIA
Gasteizko taldea, Boluen jokatutako euskal derbian, 0-4 nagusitu da, Bizkerre aurkari; gorritxoak 0-2 gailendu dira Racing Santanderren aurkako neurketan.
-
Osasuna 0-2 nagusitu da, Racing Santander aurkari. Argazkia: Osasuna.
Alaves eta Osasuna 2024-25 denboraldiko Erregina Kopako bigarren kanporaketarako sailkatu dira, asteazkenean; izan ere kanporatu dituzte, hurrenez hurren, Bizkerreren kontra Bolue zelaian 0-4 irabazita, eta Racing Santanderren kontra, Planchadan, 0-2ko emaitza lortuta. Horrenbestez, bi taldeak izango dira txapelketako hurrengo txandan.
Hala, Getxon, Alavesek Bizkerre utzi du kopatik at, lehen kanporaketan izan den derbian. Alavesen garaipena argia izan da, eta hori ondo baino hobeto erakusten du azken emaitzak, alegia, 0-4koak. Tati Barciak sartu du lehenengo gola, 31. minutuan, bigarrena Sara Carrillok egin du, 56.ean, Leyre Monentek lortu du hirugarrena, 63.ean, eta, 85. minutuan, Elene Errastik biribildu du markagailua, laugarren gola sartuta.
Alavesen hasierako hamaikakoa, Boluen jokatutako kanporaketan. Argazkia: Alaves.
Osasunak, aldiz, oso azkar bideratu du Racing Santanderren aurkako kanporaketa, Celia Ochoak lehen minutuan egin baitu 0-1ekoa. Bigarren zatiko hamabigarren minutuan, Nuriak banakoa saihestu du, penalti bat bikain geldituta, eta, hamabost minuturen buruan, 72.ean, Ainhoa Guallarrek 0-2koa sartu du, norgehiagoka erabakita utzita.