Futbola
Erregina Kopa
EITBk Atletico Madril-Reala eta Athletic-Bartzelona Erregina Kopako finalerdiak emango ditu, zuzenean
EITB MEDIA
ETB1ek eta eitb.eus-ek emango dituzte, zuzenean, joaneko eta itzuliko partidak. Joaneko neurketak martxoaren 6an eta 7an jokatuko dituzte, eta itzulikoak, ordea, hurrengo astean, martxoaren 13an eta 14an.
-
Vanegas eta Azkona, derbi batean. Argazkia: Athletic Club.
EITBk 2023-24 denboraldiko futboleko Erregina Kopako finalerdiak emango ditu; izan ere, Realak eta Athleticek jokatuko dituzte finalaurrekoak, hurrenez hurren Atletico Madril eta Bartzelona aurkari. Joaneko eta itzuliko partidak ETB1en eta eitb.eus-en izango dira ikusgai, zuzenean. Joaneko neurketak martxoaren 6an eta 7an jokatuko dituzte, eta itzulikoak, ordea, hurrengo astean, martxoaren 13an eta 14an.
Hain zuzen ere, martxoaren 6an (asteazkena da) izango da, Madrilen, Atletico Madril-Reala partida, 19:00etan. Biharamunean, martxoaren 7an, ostegunez, Athletic-Bartzelona norgehiagoka jokatuko dute, Bilbon, San Mamesen, 19:00etan.
Hurrengo asterako daude iragarrita itzuliko partidak. Martxoaren 13an, asteazkenez, 18:30ean, Reala-Atletico Madril neurketa jokatuko dute; martxoaren 14an (osteguna da), 21:00etan, Bartzelona-Athletic norgehiagoka izango da.
Hala, Realaren asmoa da Erregina Kopako finala bigarrenez jokatzea; izan ere, 2018-19 denboraldian lortu zuen, eta, gainera, final horretan, Donostiako taldeak Atletico Madril hartu zuen mendean, eta titulua eskuratu zuen. Athleticek, ordea, bi aldiz jokatu du Kopako finala, 2012an eta 2014an, hurrenez hurren Espanyolen eta Bartzelonaren aurka, baina ezin izan du Kopa irabazi, orain arte.
Erregina Kopako finalerdietako egunak eta ordutegiak (ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean emango dituzte)
Joaneko partidak
Martxoaren 6an, 19:00etan: Atletico Madril-Reala
Martxoaren 7an, 19:00etan: Athletic-Bartzelona
Itzuliko partidak
Martxoaren 13an, 18:30ean: Reala-Atletico Madril
Martxoaren 14an, 21:00etan: Bartzelona-Athletic