Itxi

Futbola

ERREGINAREN KOPA

Osasuna eta Eibar Erreginaren Kopako hirugarren kanporaketan izango dira

A. A. | EITB MEDIA

Gorritxoek 2-1 garaitu dute Secció Esportiva AEM taldea. luzapenaren ostean, eta armaginek, bere aldetik, 0-1 irabazi diote La Casonari.

  • Osasunako jokalariak sailkapena ospatzen

    Osasunako jokalariak sailkapena ospatzen. Argazkia: Osasuna

Osasunak eta Eibarrek 2023-2024 denboraldiko Erreginaren Kopako bigarren txandako kanporaketak gainditu dituzte asteazken honetan. Nafarrek Secció Esportiva AEM Kataluniako taldea kanporatu dute Taxoaren, 2-1ko markagailuarekin, luzapenera iritsi eta gero. Bestalde, gipuzkoarrek Quesos La Casota FF La Solana Ciudad Realeko taldeari irabazi diote etxetik kanpo (0-1).

Sailkapena lortzen lehenak gorritxoak izan dira. Nafarrek berehala hartu dute aurrea markagailuan euren norgehiagokan, Celiaren gol goiztiar batekin (3. minutua), Federazioko Lehen Mailan jokatzen duten bi taldeen arteko lehian. Hala ere, bisitariek emaitza orekatzea lortu dute lehen zatiko ordu erdia bete denean, Palaciosen bitartez. Berdinketa horrek arauzko denbora amaitu arte iraun du, eta, ondorioz, luzapena ekarri du.

Hala, partidako 111. minutura arte itxaron behar izan du Josu Dominguezek zuzentzen duen taldeak kanporaketa berriro bere alde jartzeko. Izan ere, Merche Izal gorritxoak, minutu batzuk lehenago berdegunean sartu denak, sare barrura bidali du atera zuzenean bidalitako falta jaurtiketa bat.

Hain zuzen ere, gol horrek eman dio azkenean Osasunari kopako txapelketako hirugarren txandan jokatzeko txartela.

Bestalde, Eibarrek Bigarren Federazioko 2. multzoan dagoen La Solanaren aurka jardun du, eta Hapsatou Malado senegaldarrak 73. minutuan sartutako gol bakarrari esker irabazi du neurketa. Horrenbestez, Yerai Martinen neskek bigarren zatira arte itxaron behar izan dute bi taldeen artean dagoen mailen aldea erakutsi eta sailkapen txartela lortzeko.