Itxi

Futbola

LAN-GATAZKA

F Ligako greba-deialdiari eutsi diote jokalariek

A. A. | EITB MEDIA

Sindikatuek eta patronalak ez dute akordiorik adostu, 10 orduko bilera egin arren, eta datorren astean bilduko dira berriro. Ondorioz, txapelketako lehen jardunaldia ez da jokatuko.

  • Realaren eta Athleticen arteko derbia iragan denboraldiko F Ligan. Argazkia: EFE

    Realaren eta Athleticen arteko derbia iragan denboraldiko F Ligan. Argazkia: EFE

Irailaren 7an abiatzekoa zen F Ligako 2023-24 denboraldiaren hasiera bertan behera geratuko da; izan ere, jokalariek lehenengo bi jardunaldietarako deitu zuten greba-deialdiak bere horretan jarraitzen du, asteazken honetan sindikatuek eta patronalak izandako 10 orduko bilera adostasunik gabe bukatu ondoren.

Hala, maila goreneko emakume futbolarien ordezkariak (FUTPRO, AFE, CCOO, Futbolistas ON eta UGT) eta patronala ez dira ados jarri lan-hitzarmena hobetzeko, eta, ondorioz, liga txapelketaren hasiera atzeratu egingo da.

Zabaldutako informazioen arabera, negoziazioetako desadostasun nagusia gutxieneko soldata izan da. Hasiera batean, sindikatuek eskatu zuten gutxieneko soldata 25.000 eurokoa izatea, eta 23.000ra jaitsi zuten gero. Patronalak, bere aldetik, 16.000 euroko gutxieneko soldata eskaini zuen hasierako bileretan, eta 20.000raino igo du gero, eta hortxe geratu dira bi aldeak.

Horrenbestez, F Ligako lehen jardunaldia ez da jokatuko, ez asteburu honetan behintzat. Bigarren jardunaldia, berriz, airean dago, bi aldeek negoziatzen jarraituko baitute datorren astean zehar.

F Ligaren oharra

F Ligak asteazken gauean plazaratutako ohar baten bidez adierazi duenez, "sindikatuen arduragabekeriak eta jarrera faltak klubak eta jokalariak greba egitera behartzen dituzte". Horren arabera, "greba saihesteko presioen aurrean ez du amore emango, ezta lehiaketaren kolapso ekonomikoa eta, beraz, emakumezkoen futbol profesionalaren porrota ekarriko duen proposamenik onartuko ere".

Emakumezkoen futbolaren patronalaren aburuz, hitzarmen kolektiboaren negoziazioen baitan egindako bilerak "agerian utzi du, argi eta garbi, sindikatuek ez dutela inolako borondaterik greba desblokeatzeko akordioa lortzeko".

AFEren ustez, F Ligaren proposamena ez da nahikoa

AFE Espainiako Futbolarien Elkartearen esanetan, F Ligaren mahai gainean jarritako proposamena ez dator bat jokalariek merezi dutenarekin.

"F Ligaren proposamenari buruz galdetu diegu futbolariei, eta ez da nahikoa merezi dutenerako. Urtean 20.000 euro eskaintzen dizkiete, atzeraeraginik gabe, eta 23.000 eurora iristeko aukerarekin, baldin eta telebista-eskubideek irabaziak eragiten badituzte", azaldu du AFEk.