Futbola
AGUR
Diego Maradona, gizon mitologikoa
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Argentinarra mito bihurtu zen futbola eta bere izaerari esker. Bere heriotzak amaiera markatuko du bere historia pertsonalean, baina bere oroipena betirako geldituko da.
-
Diego Maradona Munduko Koparekin Argentinak Alemania menderatu ondoren. Argazkia: EFE
Jainkotua, maitatua, ohoratua, miretsia eta errespetatua, baina epaitua ere bai, kritikatua eta kuestionatua: hori guztia eta askoz gehiago izan zen Diego Armando Maradona, asteazken honetan zendu zen gizona, futbola eta bere izaerari esker, mito bihurtu zena.
Tota andrearen (Dalma Salvadora Franco) eta Diego jaunaren (Diego Maradona) semea, 1986an Argentinarekin Mexikon munduko txapelduna izan zena, 1960ko urriaren 30ean jaio zen. Senar-emazteen bosgarren semea eta lehen mutila izan zen. Haurtzaroan gabeziak izan zituen eta Villa Fioriton hezi zen, Buenos Aireseko probintziako babesgabeko zonalde batean.
"Janaria iristen zenean, nire amak tripako mina zuela esaten zuen, guk jatea nahi zuelako eta guztientzat iristen ez zelako. 13 urterekin gezurra zela konturatu nintzen", ezagutarazi zuen Maradonak heldua zenean.
Maradonak Bartzelonan jokatu zuen. Argazkia: EFE
Haurtzarotik baloiari itsatsita
1969an 'Los Cebollitas' taldera batu zen, Argentinos Juniorseko gazteen taldea, ia aurkari guztiak gainditu zituena.
Oraindik ume bat zela, bere teknika eta jokatzeko erraztasunarengatik arreta bereganatzen hasi zen. Bere debuta Lehenengo Mailan 1976ko urriaren 20an izan zen, 16 urte bete baino hamar egun lehenago, Argentinos Juniorsek Talleres aurka 1-0 galdu zuenean. Ruben Anibal Giacobetti ordezkatu zuen, 16 zenbakia zeraman elastikoarekin.
2006an, Maradonak, bere lehenengo liburuan, 'Yo soy el Diego', entrenatzaileak hauxe esan ziola kontatu zuen: "Zoaz Diego, joka ezazu zuk dakizun bezala, eta ahal baduzu, hankapetik pasatu baloia".
"Kasu egin nion. Markatzen ari zitzaidan jokalariari (Juan Domingo Cabrera) bizkarra emanez jaso nuen baloia, keinatu nuen eta baloia hankapetik pasatu nion; garbi-garbi pasa zen, eta berehala entzun nuen jendearen 'Ooooole', ongi etorri modura", azaldu zuen Maradonak liburuan.
Nahiz eta oso gaztea izan, 'Pelusa' klubean ospetsua zen, zaleak partiden atsedenetan baloiarekin egiten zituen malabareekin entretenitzeagatik eta harritzeagatik.
Maradonak 'Bicho'ren kamiseta 1981ra arte defendatu zuen, Boca Juniorsera igaro zenean.
Lehenengo esperientziak Argentinako selekzioan
Partida batzuk Argentinarekin jokatu zituen arren, hautatzaileak, Cesar Luis Menottik, Munduko Kopatik kanpo utzi zuen Maradona. Urte horretan, 1978an, Argentinak bere herrialdean irabazi zuen.
Hurrengo urtean, Maradonak Japoniako 20 urte azpiko Mundiala irabazi zuen, Menottiren agindupean.
Argentinos Juniorsen zaleak gozarazi ondoren, Boca Juniorsen jokatu zuen (1981-1982 eta 1995-1997), Bartzelonan (1982-1984), Napolin (1984-1992), Sevillan (1992-1993) eta Newell's Old Boys taldean (1993-1994). Boca Juniorsen erretiratu zen, 1997ko urriaren 25ean.
Maradona Napoliren elastikoarekin, Baresiren defentsa zorrotza jasaten. Argazkia: EFE
Boca Juniorsekin Metropolitano bat irabazi zuen (1981), Errege Kopa (1983), Liga (1983) eta Espainiako Superkopa (1983) Bartzelonarekin eta bi Liga italiar (1987 eta 1990), Italiako Kopa bat (1987) eta Europa Liga bat (1989) Napolirekin.
Argentinako Selekzioarekin 20 urte azpiko Mundiala irabazi zuen Japonian (1979) eta gero, Mexiko 1986an, bere izena hilezkor bihurtu zuen, XX. mendeko gol hoberenarekin eta Ingalaterrari final-laurdenetan sartu zion "Jaungoikoaren eskua" golarekin. Argentinak irabazi zuen Mundiala.
Deportivo Mandiyu zuzendu zuen (1994), Racing Kluba (1995), Arabiar Emirerri Batuetako Al Wasl (2011-2012) eta Al Fujairah taldeak, Mexikoko Bigarren Mailako Dorados de Sinaloa (2018-2019), eta 2019ko irailan Gimnasia y Esgrima La Platan hasi zen, hil den arte.
Diego polemikoa
2008an Argentinako hautatzailea izatera pasa zen eta bi urte geroago, Hegoafrikako 2010eko Mundialean Argentina kanporatu ostean, karguari uko egin zion.
Bere adierazpenek, borrokek eta auziek eztabaidaren erdian jarri zuten askotan.
Nahiz eta azken urteetan lagun egin ziren, Maradonak eta Pelek hainbat tirabira izan zituzten batak bestearen aurka egindako adierazpenengatik. Argazkia: EFE
Maradonak bere emazte ohia salatu zuen, urteak egon zen hainbat seme-alaba aitortu gabe, bere bikote ohiari jotzen grabatu zuten (Rocio Oliva) eta kazetari errusiar batek abusu sexualengatik akusatu zuen.
Eliza katolikoa, FIFA, AFA eta hamaika entrenatzaile, jokalari eta famatu kritikatu zituen. Gainera, konpromiso politiko indartsua izan zuen, eta horrek maitatua zein gorrotatua izatea eragin zuen.
Aitorpen asko jaso zituen ere bai, bere telebistako saioa zuzendu zuen eta heriotzarekin hainbat alditan jolasean aritu zen, honek garaitu zuen arte.
2019ko itzulera bere jaiotze-herrialdera Gimnasiaren entrenatzaile bezala, agerian utzi zuen, nahiz eta urteak pasa, argentinar gehienek idoloarengatik sentitzen zuten maitasuna berdin jarraitzen zuela. Astelehenean, La Platan ospitaleratu zuten, anemikoa, deshidratatua eta gogo-beherakada baten ondorioz, baina asteartean hematoma subdural batengatik operatu zuten.
Maradonaren heriotza, ziurrenik Munduko gizonik ezagunena, amaiera markatzen du bere historia pertsonalean. Hala ere, bere oroipena betirako geldituko da.