Futbola
AFE
Futbolariek ez dute greba baztertzen, LFPk ez badio uko egiten AEBn jokatzeari
Agentziak | Erredakzioa
Lehen Mailako taldeetako kapitain gehienek bilera egin dute asteazken honetan Madrilen. "Jokalari guztiak daude horren aurka", esan du futbolarien elkarteak.
-
David Aganzo AFEko presidentea, Zuzendaritza Batzarekin, bilera amaituta. Argazkia: EFE.
David Aganzo AFE Espainiako Futbolarien Elkarteko presidentearen esanetan, futbolariek "ez dute etsiko", eta ez dute greba egitea baztertzen, LFP Futbol Profesionaleko Ligak ez badio uko egiten AEBn urtero partida ofizial bat jokatzeari.
"Guk hainbat arazo ditugu. Patronalarekin konpondu behar dugu, eta gure arazoen berri emango diogu. Hortik aurrera, egun batzuen buruan erantzuten ez badigute, egoera konpondu behar dugu. Ez dugu zalantzarik, ez dugu etsiko", adierazi du prentsaurrekoan Aganzok, greba egiteko aukeraz galdetu diotenean.
AFEk Lehen Mailako kapitainekin adostu du hori, asteazkenean egin duten bileran, Espainiako Lehen Mailako futbol taldeek txapelketa ofizialeko neurketa bana urtero AEBn jokatuko dutela iragarri ondoren joan den astean LFPk. "Espainiako futbolaren kontrakoak diren hainbat erabakiren ostean", futbolariek oso haserre hartu zuten albiste hori, AFE elkarteko presidenteak jakinarazi duenez.
"Jokalari guztiak daude horren aurka. Harrituta eta suminduta daude; denak daude AFEren alde", esan du Aganzok. "Aurreko denboraldian klubetara Saudi Arabiako jokalariak iristea, astelehenetan jokatzea, partiden ordutegiek Japonian eta AEBn ikusteko egokiak izatea… Normalak ez diren gauzetara ari gara ohitzen. Denak ez du balio, futbolariak (benetako protagonistak) alde batera uzten dira, eta horrek ez du zentzurik", gaineratu du Arganzok.