Itxi

Futbola

Adelante Liga

Eibarrek galdu egin du Numantziaren aurka, Ipuruan (1-2)

Erredakzioa

Kanpotarrak 0 eta 2 jarri dira aurretik Julio Alvarezek, penaltiz, eta Sergi Enrichek sartutako golei esker. Armaginen gola Jota Peleteirok egin du, 58. minutuan.

1:05

Eibarrek aukera paregabea galdu dute goiko postuetan are eta sendoago jarraitzeko. Gipuzkoarrek Numantzia izan dute aurkari Ipuruan, eta huts egin dute: 1-2 galdu dute soriarren aurka.

Numantzia hasieratik atera da erasora, berdinketa nahikoa ez zutela argi eta garbi utzita.

Partidako gakoa atsedenaldiaren atarian izandako jokaldi batean izan da: Nataliok eskuinetik erdiraketa egin du eta baloiak Yuri atzelariaren eskua jo du. Epaileak ez du zalantzarik izan eta penaltia adierazi du. Julio Alvarezek jaurti eta gola egin du.

Numantziaren bigarren gola bigarren zatia hasi eta berehala iritsi da: Enrichek egin du, Luis Valcarcerekin jokaldia egin ostean.

Nahiz eta 0 eta 2 atzetik izan, armaginek ez dute amore eman eta egindako lanak saria izan du 58. minutuan, Jota Peleteirok egindako golarekin. Berdinketa jo eta ke bilatu dute eibartarrek, baina denbora agortu egin zaie eta hiru puntuak Soria aldera joan dira.

Fitxa teknikoa:

1 - Eibar: Xabi Iruretagoiena; Lillo, Albentosa, Raúl Navas, Yuri; Errasti (Diego Jiménez, 80. min), Dani García; Jota Peleteiro, Arruabarrena, Alain Eizmendi (Urko Vera, 51. min); eta Morales.

2 - Numantzia: Raul Ribas; Akapo, Gaffoor, Juanma, Bonilla; Antonio Tomás, Julio Alvarez; Natalio, Del Pino (Víctor Andrés, 30. min), Luis Valcarce (Palanca, 74 . min); eta Sergi Enrich (Pedro Martín, 83 . min).

Golak: 0-1. 45. min. Julio Alvarez (penaltiz). 0-2. 47. min. Sergi Enrich. 1-2. 58. min. Jota Peleteiro.