Itxi

Osasuna

Errege Kopa

Osasunak garaipena bereganatu du Athleticen aurka (1-0) Kopako finalerdietako joaneko partidan

EITB Media

Gorritxoek 1-0eko emaitzarekin hartu dute mendean talde zuri-gorria, eta errentarekin ekingo diote itzuliko norgehiagokari. Abdek sartu du neurketako gol bakarra, 47. minutuan.

5:16
Dani Garcia eta Budimir

Osasunak mendean hartu du Athletic (1-0) asteazken honetan, martxoaren 1ean, Sadarren jokatutako Errege Kopako finalerdietako joaneko partidan, eta abantaila hartu du apirilaren 4an San Mamesen jokatuko den itzuliko neurketarako. Abdek sartu du lehiako gol bakarra, 47. minutuan.

Norgehiagokako lehen abagunea Osasunak izan du, 6. minutuan, baina Abderen jaurtiketa gurutzatua kanpora joan da, baloiak Iñigo Martinezen bizkarra jo ostean. Etxeko taldearen lehen abisuaren ondoren, pixkanaka nagusitzen hasi da Athletic, eta, 14. minutuan, Iñaki Williamsek gola sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du, talde zuri-gorriko aurrelaria jokoz kanpo zegoelako errematea egin duenean. Gola sartzeko beste aukera bat izan du Athleticek 20. minutuan; Muniainek area barrutik egin duen jaurtiketa, ordea, langa gainetik joan da kanpora, zuri-gorrien kapitainak jokaldi bikaina egin eta gero.

Lehen zatiaren amaieran, bi taldeek baloi guztiak azkenak balira bezala borrokatu dituzte. Hala ere, bietako bat ere ez da gai izan gol aukerak sortzeko, eta estreinako 45 minutuak golik gabe bukatu dira (0-0).

Bigarren zatia bizi hasi da, eta 47. minutuan Osasunak gola sartu du (1-0): Abdek baloia hartu du, atzean utzi du Vivian, arean sartu da, jaurtiketa gurutzatua egin, eta Julen Agirrezabala atezaina gainditu du.

Golak konfiantza eman dio Osasunari, eta iparra aurkitu ezinda utzi du Athletic. Baloiaren jabe izan da Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldea, eta, ondorioz, Ernesto Valverdek aldaketak egitea erabaki du: Berenguer eta De Marcos kendu ditu, Raul Garcia eta Lekue zelairatzeko. Pixka bat geroago, Nico Williamsek Muniain ordezkatu du. Ia jarraian, Arrasatek ere aldaketak egitea erabaki du, eta Ruben Garcia, Kike Garcia eta Kike Barja sartu dira zelaira Budimirren, Chimy Avilaren eta Abderen ordez.

Aldaketek ez dute neurketaren gidoia aldatu, eta Athleticeko entrenatzaileak Guruzeta sartu du berdegunera, Iñaki Williams kenduta. Azken honek ere ez dio fruiturik eman Athletici, eta Osasunak taldea indartu du Ibañez eta Brasanac zelairatuta Orozen eta Moi Gomezen partez.

Osasunaren golaren ostean, ezer gutxi gertatu da Sadarren, baina Athleticek berdintzeko aukera argia izan du azken minutuan: Guruzetak area barruan jaso du baloia, errematea egin du, baina Sergio Herrerak desbideratu du aurrelari gipuzkoarraren jaurtiketa.

Amaieran, Osasuna garaile, 1-0eko emaitzarekin, eta festa izan da nagusi Sadarko harmailetan.

Fitxa teknikoa:

1 – Osasuna: Sergio Herrera; Moncayola, Aridane, David García, Juan Cruz; Torro; Chimy Avila (Ruben Garcia, 71. min), Aimar (Darko, 86. min), Moi Gomez (Pablo Ibañez, 86. min), Abde (Barja, 77. min); Budimir (Kike Garcia, 71. min).

0 – Athletic Club: Agirrezabala; De marcos (Lekue, 58. min), Vivian, Iñigo Martinez, Yuri; Vesga; Dani Garcia; Berenguer (Raul Garcia, 58. min), Sancet, Muniain (Nico Williams, 65. min); Iñaki Williams (Guruzeta, 82. min).

Gola: Abde 1-0 (47. min).

Epailea: Gil Manzano. Txartel horiak atera dizkie Budimir, Moi Gomez eta Darko Osasunako jokalariei, baita Berenguer, Vesga eta Iñigo Martinez Athleticeko futbolariei.