Eibar
Erregina Kopa
Eibarrek DUX Logroñoren aurka galdu du, 1-0, hirugarren kanporaketan, eta Erregina Kopatik at gelditu da
EITB MEDIA
Neurketa erabaki duen gola Martina del Treccok sartu du, penaltiz, 60. minutuan. Lehen zatian, jokalari horrek berak ezin izan du beste penalti bat sareetara bidali.
Eibar 2024-25 denboraldiko Erregina Kopatik at gelditu da, asteartean, DUX Logroñok, hirugarren kanporaketan, Las Gaunasen, 1-0 hartu baitu mendean talde armagina. Neurketa erabaki duen gola Martina del Treccok sartu du, penaltiz, 60. minutuan. Lehen zatian, jokalari horrek berak ezin izan du beste penalti bat sareetara bidali.
Eibarrek izan du jokoaren kontrola, aurkariak baino, lehen zatian; hala ere, DUX Logroñok izan du gola egiteko aukerarik argiena, aurreneko 45 minutuetan: 36.ean, Errioxako taldeak penalti bat izan du, baina Del Treccok ez du sareetara bidali. Horrenbestez, hasierako 0-0ekoarekin joan dira atsedenaldira bi taldeak.
60. minutuan iritsi da kanporaketa erabaki duen jokaldia. Martina del Treccok beste penalti bat jaurti du, eta, orain bai, asmatu. Eibar amaierara arte ahalegindu da berdinketa lortu eta luzapena behartzen, baina gola ez da iritsi, eta Euskal Herriko taldea txapelketatik kanpo gelditu da.