Itxi

Eibar

FINAL-HAMASEIRENAK

Eibarrek ezin izan du FC Tenerife gainditu, eta Erreginaren Kopatik at geratu da

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Armaginek, Lehen Maila RFEFko liderrek, denboraldiko lehen neurketa galdu dute, eta txapelketatik kanpo geratu dira maila baxuagoko aurkari baten aurka.

  • Futboleko baloia

    Futboleko baloia. Argazkia: EFE

Eibarrek ezin izan zuen Erreginaren Kopako hirugarren kanporaketako neurketa gainditu astearte gauean, Fundacion Canaria CD Teneriferen etxean 2-1 galdu ondoren. Gipuzkoarrak Lehen Maila RFEFko liderrak dira, eta oraindik ez dakite zer den ligan neurketarik galtzea, baina amore eman behar izan zuten Bigarren Maila RFEF kategorian jokatzen duten kanariarren aurka. Izan ere, Tenerifekoa da Kopako final-zortzirenetara iritsi den bere mailako talde bakarra.

Etxekoen lehen gola berehala iritsi zen, CD Tenerifek behin eta berriz bilatu baitzuen armaginen atea. Horrela, 14. minutuan eta korner baten ostean, Mara Jimenezek aurretik jarri zituen kanariarrak, eta emaitza horrekin iritsi ziren atsedenaldira (1-0).

Aldageletatik bueltan, Tenerifekoak gogotsu zelairatu ziren, eta bigarren gola erdiesteko gai izan ziren Marta Gasienicaren bitartez, 53. minutuan.

Armaginen erreakzioa sei minutu geroago iritsi zen, Paula Sanchez Clavijok penaltiz lortutako golaren bidez. Alabaina, saiatu ziren arren, eibartarrak ez zuten berdinketarik lortu eta, ondorioz, kanporatuta geratu ziren.

Atzokoa, denboraldiko lehen porrota izan zen armaginentzat, orain arte sei garaipen eta hiru berdinketa baitzituzten pilatuta liga txapelketan.