Eibar
13. jardunaldia
Jarraiko hirugarren garaipena lortu du Eibarrek Ipuruan (3-1)
Agentziak | Erredakzioa
Betisek partida kaskarra egin du Ipuruan, Piccinik 16. minutuan izandako kaleratzeak baldintzatuta. Pedro Leon, Sergi Enrich, Ruben Castro eta Kike Garcia izan dira golegileak.
-
Eibar taldeko jokalariak, Pedro Leonen gola ospatzen. Argazkia: Efe.
Eibarrek hirugarren garaipena jarraian lortu du etxean, Betisi 3 eta 1 irabazita, Santander Ligako 13. Jardunaldiko lehen partidan.
Lehen laurdenaren ostean, neurketa baldintzatu duen jokaldia iritsi da: armaginek kontraeraso azkarra egin dute, baloia Inuiri iritsi zaio eta Piccinik falta egin dio areatik gertu. Arbitroak Betiseko jokalaria kaleratu du, azken atzelaria izateagatik. Hala ere, andaluziarrek protesta egin dute txartel gorria atera duenean.
Falta Pedro Leonek jaurti du, zuzenean, eta baloia Betisen atean sartu da. Gol ederra egin du jokalari armaginak.
Eibarrek alde izan du norgehiagoka momentu horretatik, are gehiago Sergi Enrichek bigarren gola egin duenean, lau minutu geroago. Inuik ezkerretik erdiratu du eta Enrichek aurrea hartu dio atzelari bat, baloia sarera errematatzeko.
Mendilibarren taldea, bi gol alde izanda eta jokalari bat gehiagorekin, hirugarren golaren bila joan da, eta orduan jokatu dituzte partidako minuturik onenak.
Bigarren zatia eta Castroren gola
Bigarren zatian, Betis hobeto aritu da eta Eibar bere errenta babesten saiatu da.
Lejeunek atzean egindako huts baten ondorioz iritsi da Victorren taldearen gola. Ruben Castrok baloia harrapatu du eta 2 eta 1ekoa egin du, jaurtiketa sendo eta gurutzatu baten bidez.
Luzapenean, eta Pedro Leonen jokaldi on baten ondorioz, Kike Garciak Adanen aldaratzea hartu du eta buruz 3 eta 1ekoa ezarri du markagailuan.
Fitxa teknikoa
3 - Eibar: Riesgo; Arbilla, Ramis, Lejeune, Antonio Luna; Fran Rico, Dani García; Pedro León, Adrián (Escalante, 82. min), Inui (Bebé, 90. min); eta Sergi Enrich (Kike García, 73. min).
1 - Betis: Adán; Piccini, Pezzella, Mandi (Sanabria, 46. min), Bruno, Alex Martínez; Petros (Felipe Gutiérrez, 69. min), Donk, Dani Ceballos; Rubén Castro eta Joaquín (Cejudo, 69. min).
Golak: 1-0, 18. min: Pedro León; 2-0, 23. min; Sergi Enrich; 2-1, 83. min: Rubén Castro; 3-1, 92. min: Kike García.