Itxi

Athletic Club

Gertakaria

Elijah Gift Athleticeko jokalariari irain arrazistak bota dizkiote, Espainiako 19 urtez azpiko selekzioarekin

EITB MEDIA

Bukaresten gertatu da, Errumania-Espainia partidan. Giftek, 18 urtekoa bera, Hirugarren RFEFeko Basconian jokatzen du: "Gure jokalariari elkartasun osoa adierazten diogu; arrazakeriaren aurrean, zero tolerantzia", nabarmendu du Athleticek.

  • Gertakaria Bukaresten jokatzen ari diren txapelketa batean jazo da. Argazkia: EFE.

    Gertakaria Bukaresten jokatzen ari diren txapelketa batean jazo da. Argazkia: EFE.

Elijah Gift Athleticeko jokalariari irain arrazistak bota dizkiote, asteartean, Espainiako 19 urtez azpiko selekzioarekin jokatutako partida batean. Hain zuzen ere, Bukaresten gertatu da, aipatutako mailako Errumania-Espainia selekzioen arteko neurketan. Giftek, Corellakoa eta 18 urtekoa bera, Hirugarren RFEFeko Basconian jokatzen du: "Gure jokalariari elkartasun osoa adierazten diogu; arrazakeriaren aurrean, zero tolerantzia", nabarmendu du Athleticek, X sare sozialean (Twitter zen, lehen, hori).

Norgehiagokaren irudietan ikusi ahal izan denez, partidako azken minutuetan jazo da. Orduan, Errumaniako selekzioko jokalari bat Elijah Gifti gerturatu zaio, eta, zuzenduta, iskanbila sortu da; laster desegin da hori.

Horren harira, Espainiako Futbol Federazioak honela adierazi du: "Elijah Gift 19 urtez azpiko selekzioko gure jokalariak eraso arrazista jasan du, Nazioarteko Txapelketako Errumania-Espainia partidan. Irmoki salatzen ditugu futbolean gertatzen diren jarrera diskriminatzaile guztiak, eta gure babes osoa helarazi nahi diogu Elijahri".  

Espainiako Federazioak esandakoari gehituta, Athleticek honako hau zabaldu du: "Elijah Gift gure jokalariari elkartasun osoa adierazten diogu 19 urtez azpiko Espainiako selezioarekin Bukaresten jokatzen ari den Nazioarteko Txapelketako Errumania-Espainia partidaren amaieran jasan duen gertakari arrazistaren aurrean. Zurekin gaude, Elijah! Arrazakeriaren aurrean, zero tolerantzia".