Athletic Club
Erregina Kopa
Athleticek Kopako final-zortzirenetarako txartela lortu du; Alaves eta Eibar, kanporatuta
EITB Media
Bizkaiko taldeak irabazi egin dio Racingi (0-5) final-hamaseirenetako partida eta aurrera egin du txapelketan. Arabako taldeak galdu egin du Espanyolen aurka (0-2) eta Alhamak Kopatik at utzi ditu armaginak (3-1).
-
Athleticeo jokalariak Racingi sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: @AthleticClubFem
Athletic Erregina Kopako final-zortzirenetara sailkatu da, asteazken honetan (urtarrilak 26) Racingen aurka Torrelavegan (Kantabria) jokatu duen partida 0-5eko emaitzarekin irabazita. Alaves eta Eibar, aldiz, txapelketatik at geratu dira, Espanyolen eta Alhamaren aurka galduta, hurrenez hurren.
Bizkaiko taldea nagusi izan da Bigarren Mailan (Reto Iberdrola Liga) lehiatzen den Racingen aurka (0-5). Hasieratik amaieraraino, jaun eta jabe izan da talde zuri-gorria. Partidako 10. minutuan, Nekane Diezek jarri du 0-1ekoa markagailuan, eta atsedenaldira iritsi aurretik, 45. minutuan, Irene Ogizak sartu du bigarrena (0-2). Clara Pinedo (0-3, 63. minutuan), Sara Ortega (0-4, 77. minutuan) eta Paula Arana (0-5, 87. minutuan) izan dira Athleticen garaipena biribildu dutenak.
Alavesek porrota jaso du Espanyolen aurka (2-0), Bartzelonan. Manuela Lareok sartu du neurketako lehen gola (1-0), 32. minutuan. Bigarren zatiaren hasieran, 51. minutuan, Kataluniako taldeak lehia erabakita utzi du, Ohalek bere atean sartu baitu gola (2-0).
Bestalde, Eibarrek agur esan dio Erregina Kopari, Reto Iberdrola Ligako (Bigarren Maila) Alhamaren kontra (3-1) galduta. Partidako lehen gola Violeta Quilesek egin du (1-0) 15. minutuan, eta talde murtziarrak abantaila handitu du Nerea Gantxegik bere atean (2-0) sartu duen golari esker. Norgehiagokaren azken txanpan, 83. minutuan, Guadalentinek 3-0ekoa jarri du markagailuan. Bi minutu geroago, Eibarrek ohorearen gola sartu du, Aida Esteveren bidez (3-1).