Alaves
Erregina Kopa
Alaves Kopatik at geratu da, Logroñoren aurka 2-4 galduta
EITB Media
Arabako taldeak porrot egin du txapelketako bigarren txandako kanporaketan. Garailea luzapenean erabaki da. Errioxako taldeak 2-4ko emaitzarekin bereganatu du garaipena.
-
Alaves vs DUX Logroño partidako jokaldi bateko irudia. Argazkia: @AlavesFem
Alaves Erregina Kopatik kanporatuta geratu da, DUX Logroñoren kontra 2-4ko emaitzarekin galdu baitu Ibaian (Gasteiz) jokatutako txapelketako bigarren txandako kanporaketa.
Arabako taldeak ondo ekin dio neurketari; izan ere, seigarren minutuan, Sara Carrillok 1-0ekoa sartu du, penaltiz. Zazpi minutu beranduago, bigarren gola sartzeko aukera izan du Alavesek, baina Leyre Monenteren jaurtiketa kanpora joan da gutxigatik. Nagusi izan da talde gasteiztarra lehen ordu laurdenean, baina norgehiagokako 21. minutuan, ordea, DUX Logroñok partida berdintzea lortu du: Justina Morcillok jarri du banakoa (1-1) markagailuan.
Hala, bada, bi taldeek beste golen bat sartzeko abaguneren bat edo beste izan duten arren, neurketa berdinduta heldu da atsedenaldira.
Erasokor ekin dio Alavesek bigarren zatiari, eta etxeko taldearen ekinak saria jaso du 57. minutuan, Ines Altamirak gola sartu baitu (2-1) Monenteren erdiraketa errematatuta.
Alavesen bigarren golaren ostean, partida parekatua izan da. Gasteizko taldea gol bateko errentarekin iritsi da 90. minutura, baina 91.ean, ezin izan du Logroñoren gola saihestu; Sonya Camilak gola sartu (2-2) eta luzapena behartu du.
Luzapeneko lehen zatian gola sartzeko aukerak urriak izan dira bi taldeen aldetik. Hala ere, lehia luzapenaren atsedenaldira iristear zenean, 105. minutuan, DUX Logroñok aurrea hartu du markagailuan, Marta Molineroren golari esker (2-3).
Arabako taldea gola sartzeko asmoarekin zelairatu da luzapeneko bigarren zatian, baina ezin izan du aurkariaren atea zulatu; Logroño, aldiz, eraginkorragoa izan da, eta laugarren gola sartu du; honako honetan ere, Sonya Camila izan da golegilea (2-4).
Azken txanpan, ezer gutxi egin ahal izan du Alavesek, eta DUX Logroñok lortu du hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela.