Beste kirolak
Astebete kontakturik gabe
Alberto Zerain eta Mariano Galvan hil egin dira, elur-jausi baten ondorioz
Agentziak | Erredakzia
Alpinista arabarra eta Galvan bere kide argentinarra Nanga Parbat mendiko Mazeno izeneko inguruan zeuden iragan larunbatean kontaktua galdu zutenean.
Erreskateko helikopteroak Alberto Zerain eta Mariano Galvan desagertuta daudela konfirmatu du, bi alpinistak zeuden inguruan elur-jausi bat egon dela ikusita. Zerain eta Galvan Nanga Parbat (8.125) mendira igotzen ari ziren.
Ez da arabarraren eta argentinarraren berririk izan iragan larunbatetik, Mazeno inguruan zeudenean. Zerainen "radiotrackera" itzali egin zen 150 metroko erorikoa markatu ostean, 6.000 metroko altueran, gutxi gorabehera.
Elur-jausiaren ondorioz inor bizirik aurkitzeko aukerak baztertuta, Pakistaneko Armadako Abiazioak bukatutzat eman ditu bilaketa lanak.
"Erreskate taldeak urratsak ikusi ditu, puntu batera arte, eta gero desagertu egin dira. Ondorioz, elur-jausiak harrapatu dituela konfirmatu dute. Armadako Abiazioak gure artean ez daudela konfirmatu digu", esan du Pakistaneko iturri espainiar batek.
Muhammed Irfan Armadako Abiazioko bozeramaileak esan duenez, bi helikoptero Nanga Parbat inguruan ibili dira 5:30ak eta 11:00ak artean, eta bilaketa lanak bertan behera uztea erabaki dute esku hutsik bueltatuk zirela ikustean. Dildar Ahmed Diamerreko barrutiko Administrazioaren buruak ere konfirmatu du bilaketa lanak amaitutzat eman dituztela.
Lehen erreskate saioa, asteazkenean
Helikopteroa asteazkenean atera zen lehen aldiz bi alpinisten bila, eta 3 orduko bilaketa egin ostean, itzuli egin behar izan zuen eguraldi txarrak behartuta.
Ordutik, eguraldiak bigarren saiakera bat galarazi du, gaur goizaldera arte. Bigarren saiakera honetan konfirmatu dute bi alpinistak desagertuta daudela.
"Atsekabea" Gasteizen
Gazteizko Udaleko aldedi guztiek euren "atsekabea" agertu dute Alberto Zerain eta Mariano Galvan alpinistekin gertatutakoagatik.
Ohar baten bidez, Udalak elkartasuna eta gertutasuna agertu die bi mendizaleen senitarteko eta lagunei.
"Alberto Zerain erreferentea izan da Gasteizen, kirolari eta pertsona moduan. Adorea eta ahalegin nekaezinaren adibide, gure hiriaren izena mundo osoan zabaldu du. Bere desagerpena galera handia da euskal mendizaletasunarentzat", azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak.
Lehen arabarra, Everestera igotzen
Alberto Zerain gasteiztarrak 55 urte zituen, eta ia 40 eman ditu mendian. Lehen pausoak eskaladan eman zituen 17 urterekin, Eginon eta Atxarten, Gasteiztik gertu dauden eskoletan.
Everestera igo zen lehe arabarra izan zen. Makalu izan zen bere bigarren mendi garrantzitsua (8.485 metro), Oiarzabalekin batera igo zuen.
Orain hamaikagarren zortzimilakoaren atarian geratu da, eta proiektu ugari zituela, Oiarzabalekin batera 14 zortzimilakoak errepikatzeko helburua bait zuen, 2x14x8000 proiektuan.
Orain, egun goibel honetan, gure doluminak eta elkartasuna bidaltzen dizkiegu sendi eta lagun guztiei. Beti izango ditugu gogoan, goi goian.
— Iñigo Urkullu (@iurkullu) 1 de julio de 2017