Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Txingudiko Bandera

Arraun Lagunakek bereganatu du Euskotren Liga, Hondarribian enegarren erakustaldia emanda

G. P. A. | EITB MEDIA

Andrea Astudillok zuzendutako neskek bigarren urtez jarraian irabazi dute Euskotren Liga, denboraldia bukatzeko hiru jardunaldiren faltan, Txingudiko Bandera eskuratuta. Hondarribiko uretan, Donostiarra izan da bigarrena eta Tolosaldea hirugarrena.

1:16
Arraun Lagunakeko neskak, Euskotren Liga eta Hondarribiko Bandera bereganatu izana ospatzen.

Donostia Arraun Lagunakek garaipena behar zuen gaur Hondarribiko uretan, matematikoki eta bigarren urtez jarraian Euskotren Ligako txapeldun bilakatzeko, eta ez du hutsik egin. Alderantziz, Andrea Astudillok zuzendutako neskek aurreikuspenak bete dituzte (orain arte jokatu diren jardunaldi guztietan gailendu dira), eta denboraldiko enegarren erakustaldia emanda bereganatu dute Txingudiko Bandera, eta, ondorioz, liga. Hondarribiko estropadan, bigarren izan da Donostiarra eta hirugarren Tolosaldea.

Ohorezko txandako lehia parekatuta hasi da. Arraun Lagunak laster jarri da buruan, baina Donostiarrak ondo eutsi dio, eta Tolosaldea ere ondo kokatu da, pare bat segundora.

Palakadak eman ahala, Donostiako bi traineruak nor baino nor gehiago aritu dira, eta bandera lortzeko borroka izango zela ematen zuen, baina ziabogaren ostean, Juan Mari Etxaberen neskek abantaila areagotzea lortu dute, eta itzuliko luzean ziztu bizian joan dira denboraldiko 13. bandera eta liga eskuratzera.

10 minutu eta 58 segundo behar izan dituzte estropada bukatzeko, eta alde handia atera die gainerako aurkariei: 14 segundo Donostiarrari, 23 Tolosaldeari eta 34 Oriori.

Arraun Lagunak jaun eta jabe izan da estropada guztietan, gehiago edo gutxiago sufrituta. Gaurkoan ere, nolabaiteko ezustekoa izan dute, haizearen eta olatuen eraginez, baina Andrea Astudillok garaiz zuzendu du ontzia, eta garaipenak ez die ihes egin.

Hiru estropadaren faltan bereganatu dute Euskotren Liga, gainerako traineruak baino maila bat gorago daudela berretsita, eta orain beste helburu bat izango dute: jokatzeko dauden gainerako bandera guztiak eskuratzea, denboraldia borobiltzeko.  

Bestalde, lehendabiziko txandan, Hondarribia izan da azkarrena (11:43), baina Cabok estropada oso ona egin du eta estu hartu du etxeko taldea, bi segundora sartu baita. Hirugarren izan da Hibaika (+11) eta Tiran, berriz, azkena (+30).

Txingudiko Banderaren sailkapena.

Txingudiko Banderaren sailkapena.

Euskotren Ligako sailkapen nagusia.

Euskotren Ligako sailkapen nagusia.