Arrauna
Orio Kanpina Bandera
Arraun Lagunakek, hamabitik hamabi
L.U. | EITB MEDIA
Donostiako traineruak dena irabazten jarraitzen du. Ligako hamabigarren jardunaldian ere nagusi izan da, eta beste garaipen bat eskuratu du, Orioko Bandera aurrenekoz irabazita.
Arraun Lagunakek ez die atsedenik eman aurkariei, eta igande honetan Orioko uretan jokatu den Euskotren Ligako Orio Kanpina Bandera ere irabazi du. Beste behin ere, sailkapen nagusiko liderra nagusi izan da itsasoan, eta hamabigarren garaipena lortu du jarraian, ohorezko txandan nagusituta.
Orion lehiatu diren lehenak Hibaika, Hondarribia, Cabo eta Tiran izan dira. Hondarribiak aurretik egin du lehen ziaboga, 9 segundoko aldea lortuta eta gainerako traineruak atzean utzita. Bigarren luzean, Hondarribiak abantaila handitu du, eta 11 minutu eta 26 segundoko denborarekin bukatu du lana. Hibaika izan da bigarren 14 segundora; Cabo hirugarren 29ra, eta Tiran laugarren 42ra.
Ohorezko txandan, Tolosaldea, Arraun Lagunak, Orio eta Donostiarra aritu dira. Orio oso ongi atera da, eta abantaila atera die beste traineruei. Lehen ziabogan, Orio jarri da buruan, 5 minutu eta 15 segundoko denborarekin. Hala ere, Arraun Lagunakek ezin hobeto erreakzionatu du, eta bigarren luzean estropadaren buruan jarri da eta bere nagusitasuna erakutsi du.
Azkenean, Arraun Lagunakek 11 minutu eta 9 segundo behar izan ditu lana amaitzeko, Tolosaldea (+06.48), Orio (+09,26) eta Donostiarra (+19,10) traineruen aurretik.
Orioko Banderaren sailkapena Argazkia: EITB Media
Astudilloren ontzia Euskotren Ligako liderra da, sendo, eta gero eta alde handiagoarekin. 96 puntu ditu jada, Tolosaldeak 73 ditu eta Oriok 70.
Euskotren Ligako sailkapen nagusia Argazkia: EITB Media