Arrauna
Kontxako Bandera
Tolosaldeak irabazi du Kontxako lehen jardunaldia, ezustekoa emanda eta Arraun Lagunaki 18 ehunen aterata
A. B. E. | EITB Media
Tolosako taldeak bereganatu du garaipena emakumezkoen mailako 2023ko Kontxako Banderako 1. jardunaldian. Arraun Lagunak izan da bigarren, 18 ehunenera, eta Donostiarra hirugarren, 2 segundora. Orio izan da laugarren, 4 segundora.
Tolosaldeak irabazi du emakumezkoen mailako 2023ko Kontxako Banderako lehenengo jardunaldia, igande honetan, irailaren 3an, Donostiako badian. 18 ehunen atera dizkio bigarren izan den Arraun Lagunaki eta 2 segundo hirugarren amaitu duen Donostiarrari. Laugarren amaitu du Oriok, 4 segundora.
Lehen txandan, Kaiku (1. kaletik), Orio (2. kaletik), Zumaia (3. kaletik) eta Hibaika (4. kaletik) lehiatu dira. Orio jarri da buruan hasiera-hasieratik, eta onena izan da ziabogan, Hibaikari 8 segundo eta Kaikuri eta Zumaiari 12 segundo aterata, eta itzulikoan, oriotarrek handitu egin dute aurkariekiko abantaila. Ondorioz, Oriok irabazi du lehen txanda, 10:42ko markarekin, Hibaika izan da bigarren 15 segundora, Zumaia hirugarren 22ra eta Kaiku laugarren 33ra.
Bigarren txandako traineruentzat, Orioren marka izan da erreferentzia. Bigarren txandan, hauek lehiatu dira: Donostiarra (1. kaletik), Tolosaldea (2. kaletik), Arraun Lagunak (3. kaletik) eta Hondarribia (4. kaletik). Lehen luzean, Donostiarra izan da onena, eta Orioren marka 4 segundoan hobetu du ziabogan; Arraun Lagunakek eta Tolosaldeak Donostiarrak baino 3 segundo gehiago behar izan dituzte maniobra hori egiteko. Itzuliko luzean, ordea, Tolosaldea jarri da buruan, Arraun Lagunak eta Donostiarra atzetik zituela. Azkenean, lehia estuaren ostean, Tolosaldea nagusitu da 10:37.64ko markarekin, Arraun Lagunak izan da bigarren, 18 ehunenera (10:37.82), eta Donostiarra hirugarren, 2 segundora (10:39.80). Bigarren txandako laugarrena Hondarribia izan da, Tolosaldearekiko 21 segundora.
Ondorioz, Tolosaldeak Arraun Lagunakekiko 18 ehuneneko abantailarekin ekingo dio bigarren jardunaldiari, Donostiarrarekiko 2 segundoko errenta izango du eta Oriorekiko 4 segundokoa.
Lehenengo jardunaldian, bosgarren Hibaika izan da (10:57.22), seigarren Hondarribia (10:59.32), zazpigarren Zumaia (11.04.86) eta zortzigarren Kaiku (11:15.56).
Kontxako Banderako 1. jardunaldiko sailkapena:
Kontxako Banderako 1. jardunaldiko sailkapena. Argazkia: EITB Media