Arrauna
EUSKO LABEL LIGA
Urdaibaik aurkariak txikitu ditu Zarauzko Ikurrinako lehen jardunaldian
EITB MEDIA
Bizkaitarrek hegan egin dute ohorezko txandan, Oriok bigarrenean egindako denbora bikaina hobetuz. Donostiarra hirugarren izan da 18 segundora, eta Hondarribia laugarren, 20 segundora.
Urdaibai jaun eta jabe da, berriro, Kantauri Itsasoko uretan. Iragan asteburuan Zierbenak irabazitako Galiziako jardunaldi bikoitzaren ostean, Bou Bizkaiak aise irabazi du Zarauzko Ikurrinaren 1. jardunaldia. Bermeokoek 8 segundotan hobetu dute Oriok bigarren txandan egindako denbora bikaina. Oriotarrak ere oso nagusi izan dira euren txandan.
Ohorezko txandan, Urdaibai Donostiarrarekin, Hondarribiarekin eta Zierbenarekin batera aritu da. Lehen paladetan, aurretik jarri dira bermeotarrak, eta estropada duela 15 egun Lekeition lehiatutakoaren bide beretik joango zela eman du, baina ez da berdin-berdina izan. Lehen luzean behintzat.
Izan ere, Donostiarra izan da azkarrena, eta ez Urdaibai, lehen ziabogan, Oriok bigarren txandan egindako denbora bi segundotan hobetuta. Gorka Aranberrirenek oriotarren denbora bera egin dute. Baina bigarren luzean, Bou Bizkaiak aurrea hartu du berriro, eta amaiera arte eutsi dio postu horri, aldeak gero eta gehiago handituz. Gainontzeko ziabogetan azkarrenak izan dira. Donostiarra, Hondarribia eta Zierbena oso atzean utzita, Bermeotarrak lehia sutsua izan dute Oriok egindako denboraren aurka. Azken metroetan erakustaldia eman dute bizkaitarrek eta azkenean 8 segundo atera dizkiote Oriori, 18 Donostiarrari, 21 Hondarribiari eta 26 Zierbenari.
Ligako sailkapena
Jardunaldia biribila izan da Urdaibairentzat, Oriok bigarren eginda, Hondarribiarekin eta Zierbenarekin Ligako sailkapenean duen aldea handitu duelako. Bizkaitarrek 152 puntu dauzkate orain, Hondarribia 6 puntura dago eta Zierbena 8ra.
Lehen txandan, Santurtzik egin du denborarik onena, Samertolameuren, Ondarroaren eta Kaikuren aurretik.
Zarauzko Ikurrinako 1. jardunaldiko denborak
Eusko Label Ligako sailkapena