Arrauna
Euskotren Liga
Arraun Lagunakek Euskotren Ligako lidertza sendotu du, Txingudiko Bandera irabazita
A. B. E. | EITB Media
Hondarribiko uretan nagusi izan da Arraun Lagunak. Bi segundo atera dizkio bigarren izan den Donostiarrari eta zazpi Oriori. Ondorioz, Arraunek sailkapen nagusian Oriorekiko duen abantaila bost puntura handitu du.
Arraun Lagunakek irabazi du Euskotren Ligako Txingudiko Bandera, larunbat honetan, abuztuaren 5ean, Hondarribian. Horrenbestez, sailkapen nagusiko lidertza sendotu du Donostiako taldeak, Oriorekiko abantaila 5 puntura handitu baitu.
Lehen txandan lehiatu dira Hondarribia (1. kaletik), Hibaika (2. kaletik), Tiran (3. kaletik) eta Cabo (4. kaletik). Hasiera-hasieratik gogor jo dute Hibaikak eta Hondarribiak, eta hasiera baten Cabo atzean geratu den arren, Hondarribiaren parera iritsi da; hala, ziabogan Galiziako traineru izan da onena, eta estropadaren buruan kokatu da, Hibaikarekiko eta Hondarribiarekiko 4 segundoko errentarekin.
Bigarren luzean lehia estua mantendu dute Cabok eta Hondarribiak, Hibaika atzean geratu delarik. Azken metroetan, Hondarribiak amaiera bikaina eman dio estropadari eta txanda irabazi du 11 minutu eta 6 segundoko markarekin. Gipuzkoako taldeak ia 2 segundo (1,90) atera dizkio Cabori, 11,92 Hibaikari eta 39 segundo Tirani.
Ondoren, bigarren txandan egin dute arraun Oriok (1. kaletik), Tolosaldeak (2. kaletik) Arraun Lagunakek (3. kaletik) eta Donostiarrak (4. kaletik). Azkar jarri dira lehen postuetan Arraun Lagunak eta Donostiarra; Orio eta Tolosaldea, aldiz, atzean geratu dira. Ziabogako maniobra denbora berean egin dute, eta bien arteko borroka oso estua izan da itzuliko luzean. Donostiako bi taldeen artean erabaki da irabazlea, eta, azkenean, Arraun Lagunakek bereganatu du Txingudiko Bandera 10 minutu eta 49 segundoko markarekin. Donostiarra izan da bigarren 2 segundora eta Orio hirugarren 7ra. Bestalde, estropadako laugarren postua Tolosaldearentzat (11:06.00) izan da, Hondarribiari (11:06.92) segundo bat baino gutxiago aterata.
Cabo (11:8.40) seigarren izan da, Hibaika (11:18.62) zazpigarren eta Tiran (11:46.54) zortzigarren.
Hala, bada, Txingudiko Banderaren ostean, horrelaxe dago sailkapen nagusia: Arraun Lagunak da liderra 58 punturekin, Orio bigarren 53rekin eta Donostiarra hirugarren 46rekin. Laugarren postuan da Tolosaldea (44 puntu). Behealdeari dagokionez, Hibaika da seigarren postuan 23 punturekin, Cabo zazpigarren 18rekin eta Tiran zortzigarren 10ekin.
Txingudiko Banderako sailkapena:
Txingudiko Banderako sailkapena. Argazkia: EITB Media
Euskotren Ligako sailkapen nagusia:
Euskotren Ligako sailkapen nagusia. Argazkia: EITB Media