Arrauna
Euskotren Liga
Orio, Edinor Banderako irabazle
A. B. E. | EITB Media
Oriok bereganatu du garaipena Euskotren Ligako Edinor Banderan eta denboraldiko bere lehen garaipena bereganatu du egungo txapeldunak. Bigarren izan da Tolosaldea ia bi segundora eta Arraun Lagunak hirugarren bi segundora.
Oriok irabazi du Euskotren Ligako Edinor Bandera, igande honetan, uztailaren 9an, Zierbenako uretan nagusituta. Hala, bada, egungo txapeldunak bere lehen garaipena bereganatu du 2023 denboraldian.
Edinor Banderako ohorezko txanda oso lehiatua izan da. Orio jarri da buruan hasieran, baina Arraun Lagunak izan da lehena ziabogako maniobra egiten (5:48). Donostiako taldeak 2 segundo atera dizkio Oriori, 3 Tolosaldeari eta 8 Donostiarrari.
Azken luzean, ordea, Oriok eta Tolosaldeak Arraun Lagunaken parean kokatzea lortu dute, eta hiruren arteko lehia estua bizi ahal izan da azken txanpan. Amaierako metroetako esprintean erabaki da irabazlea: Orio izan da onena, eta garaipena lortu du 11 minutu eta 14 segundoko markarekin. Bigarren amaitu du Tolosaldeak ia 2 segundora (+1.88) eta hirugarren postua Arraun Lagunakentzat izan da, irabazlearekiko bi segundora (2.10). Donostiarra laugarren izan da 11:32.69ko markarekin. Ozta-ozta eutsi dio larunbatean Fabrika Bandera irabazi zuen taldeak laugarren postuari, bosgarren amaitu duen Hondarribiari (11:32.85) 16 ehunen soilik aterata.
Hondarribia nagusi izan da hasieratik amaieraraino lehen txandan, eta estropadako sailkapen orokorrean bosgarren izan da. Hibaika (11:34.27) seigarren izan da estropadan eta bigarren lehen txandan; Cabok (11:46.71) zazpigarren postuan amaitu du Edinor Bandera, estreinako txandan hirugarren izan ostean; azkenik, Tiran hasierako txandako laugarrena, zortzigarren izan da Zierbenako uretan.
Edinor Banderaren ostean, Euskotren Ligako sailkapen nagusia pil-pilean da. Arraun Lagunak da liderra 21 punturekin, eta atzetik hiru talde daude 19na punturekin berdinduta: Orio da bigarren, Donostiarra hirugarren eta Tolosaldea laugarren. Sailkapenaren behealdean, ostera, Hibaika da seigarren 8 punturekin, Cabo zazpigarren 7 punturekin eta Tiran zortzigarren 3 punturekin.
Edinor Banderako sailkapena:
Edinor Banderako sailkapena. Argazkia: EITB Media
Euskotren LIgako sailkapen nagusia:
Euskotren Ligako sailkapena. Argazkia: EITB Media