Itxi

Euskotren Liga

Euskotren Liga

Euskotren Liga

VI Bandeira Cidade da Coruña

Arraun Lagunakek Coruñako Bandera irabazita ekin dio 2023 denboraldiari

A. B. E. | EITB Media

Euskotren Ligari hasiera bikaina eman dio Arraun Lagunakek, Coruñako Bandera irabazita. Lehen txandan nagusituta bereganatu du garaipena Galiziako uretan eta sailkapen nagusiko liderra da. Tolosaldea izan da bigarren, Donostiarra hirugarren eta Orio laugarren.

1:07
Arraun Lagunak irabazle, Coruñan

Arraun Lagunakek irabazi du Euskotren Ligako VI Cidade da Coruña Bandera igande honetan, uztailaren 2an, eta hasiera bikaina eman dio 2023 denboraldiari. Aurten, Coruñako Banderak jardunaldi bakarra izan du; hau da, bigarrena, uztailaren 1ean lehenengoa bertan behera geratu baitzen Itsaso zakarragatik.

Lehen txandan lehiatu dira: Donostiarra (1. kalea), Arraun Lagunak (2. kalea), Tiran (3. kalea) eta Tolosaldea (4. kalea). Hasiera-hasieratik hartu du aginte-makila Arraun Lagunakek, eta lehen luzean zuloa ireki du aurkariekiko: 8 segundo atera dizkio Tolosaldeari, 10 Donostiarrari eta 44 Tirani. Bigarren eta azken luzean, ordea, Tolosaldeak eta Donostiarrak euren desabantaila murriztea lortu dute, baina Arraun Lagunak buruan mantendu da eta lehen txanda irabazi du 11 minutu eta 58 segundoko marka eginda. Bigarren izan da Tolosaldea 3 segundora, hirugarren Donostiarra 5era, eta laugarren Tiran minutu eta 11 segundora.

Bigarren txandan egin dute arraun Cabok (1. kalea), Oriok (2. kalea), Hibaikak (3. kalea) eta Hondarribiak (4. kalea). Orio egungo txapelduna azkar jarri da estropadaren buruan, eta lehen luzean bere txandako onena izan den arren, ziabogako maniobran lehen txandako Arraun Lagunakek 8 segundo atera dizkio. Azken luzean, oriotarrak saiatu dira Arraun Lagunaken denbora hobetzen, baina ezin izan dute. Oriok Arraun Laguneakek baino sei segundo gehiago (12'04") behar izan ditu bi luzeak osatzeko. Bigarren txandako bigarrena izan da Hondarribia 8 segundora, Cabo hirugarrena 38ra eta Hibaika laugarrena 47ra.

Ondorioz, Arraun Lagunakek bereganatu du garaipena A Coruñan, Tolosaldea izan da bigarren, Donostiarra hirugarren eta Oriok laugarren postuan amaitu du A Coruñako Bandera. Hondarribia bosgarren, Cabo seigarren, Hibaika zazpigarren eta Tiran zortzigarren.

Sailkapen nagusiko lehen postuan da Arraun Lagunak 8 punturekin, Tolosaldea da bigarren 7rekin, Donostiarra hirugarren 6rekin eta Orio laugarren 5ekin. Bosgarren postuan kokatu da Hondarribia (4 puntu), seigarrenean Cabo (3 puntu), zazpigarrenean Hibaika (2 puntu) eta zortzigarrenean Tiran (puntu 1).

Euskotren Ligako sailkapen nagusia:

Euskotren Ligako sailkapen nagusia. Argazkia: EITB Media

Euskotren Ligako sailkapen nagusia. Argazkia: EITB Media

VI Cidade da Coruña Bandeirako sailkapena:

A Coruñako Banderako sailkapena. Argazkia: EITB Media

Coruñako Banderako sailkapena. Argazkia: EITB Media