Itxi

Eusko Label Liga

Eusko Label Liga

Eusko Label Liga

Hondarribiko Bandera

Urdaibaik irabazi du Hondarribiko Bandera, laugarren izan den Zierbenarekin aldea handituta

EITB MEDIA

'Bou Bizkaia' jaun eta jabe izan da Hondarribiko Banderan. Bestalde, Donostiarra protagonista izan da, hirugarren izan baita lehen ziabogan aurrekalaria uretara jausi den arren.

1:18
Urdaibaiko arraunlariak, garaipena ospatzen

Urdaibaik 13 puntura handitu du Eusko Label Ligan Zierbenarekin duen aldea, Hondarribiko Banderan lortutako garaipenari esker. Bizkaitarrak nagusitasunez gailendu dira Donostiarrak protagonismo berezia izan duen estropadan; izan ere, lehen ziabogan aurrekalaria uretara jausi da, eta 12 arraunlarirekin amaitu dute eguna. Hala ere, bikain aritu dira Igor Makazagaren mutilak, eta hirugarren postua lortu dute.

Bou Bizkaia aurretik joan da ia estropada osoan, bigarren luzeko tarte bat kenduta, lehen ziabogatik atera berritan Hondarribia jarri baita aurretik, bi segundoko aldea zabalduta. Donostiarra arraunlari bat galduta zetorren, eta Zierbena oso atzean (galipoek ez dute euren eguna izan). Horrela, Hondarribia izan da Bermeoko taldeari gauzak zaildu dizkion traineru bakarra.

Urdaibai, beste behin, oso seguru ibili da, eta denborarik onenak egin ditu ziaboga guztietan, Orio bigarren txandako garaileak egindako denborak hobetuta. Gipuzkoarrek norgehiagoka polita eta oso estua izan dute Ondarroarekin, eta azkenean 0,16 segundo izan dira bataren eta bestearen artean.

Hirugarren ziabogaren irteeran, Bermeoko traineruak bikoiztu egin du Hondarribiarekin zuten aldea, lau segundotik zortzira, eta alde hori kudeatzea nahikoa izan dute beste garaipen bat poltsikoratzeko. Hamar bandera irabazi dituzte orain arte jokatutako 13 jardunaldietan.

Hondarribiak estropada oso ona egin du, aurreko igandean lortutako garaipenak lagunduta, baina ezin izan dute etxeko bandera irabazi.

Zierbena, 13 puntura

Horrela, Urdaibai nagusi izan da 20:10eko denbora eginda, Hondarribiak baino 8 segundo gutxiago eta Donostiarrak baino 17 gutxiago. Zierbena laugarren izan da azkenean, eta 13 puntura dago orain Eusko Label Ligako sailkapenean.

Hondarribiko Banderako denborak

Hondarribiko Banderako denborak

Eusko Label Ligako sailkapena

Eusko Label Ligako sailkapena