Itxi

Eusko Label Liga

Eusko Label Liga

Eusko Label Liga

Boiroko Bandera

Bezperan galdutakoa berreskuratu du Urdaibaik, Boiroko Bandera irabazita

G. P. A. | EITB Media

Indar erakustaldia eginda, Urdaibaik denboraldiko seigarren bandera eskuratu du, Donostiarraren eta Zierbenaren aurretik sartuta. Hondarribiak lan oso ona egin du, eta hurrengo jardunaldian ohorezko txandan arituko da.

1:37
Urdaibai

Urdaibaik irabazi du igande honetan jokatu den Eusko Label Ligako Boiroko Bandera (Galizia), Donostiarra izan da bigarrena eta Zierbena hirugarrena. Larunbatean, Zierbena nagusitu zen Ribeiran, eta gaur bermeotarrek kolpea itzuli diote, indar erakustaldia eginda; izan ere, kalerik okerrena egokitu zaio Bou Bizkaiari, eta atzetik aurrera egin behar izan du bandera bereganatzeko.

Lehendabiziko txandan, Hondarribia, San Pedro, Bueu eta Kaiku atera dira. Hondarribia hasieratik nabarmendu da, eta Kaiku trabatuta geratu da bigarren ziabogan. Maniobra oso txarra egin dute bizkaitarrek, eta denbora asko galdu dute. Hor amaitu da estropada Kaikurentzat, minututik gorako galera izan baitu.

Hondarribiak lan bikaina egin du, eta 20 minutu eta 16 segundoko denborarekin bukatu du estropada. San Pedro izan da bigarrena (+30), Bueu hirugarrena (+39) eta Kaiku azkena (+1:18).

Bigarren txandan, Ondarroa, Getaria, Lekittarra eta Cabo aritu dira. Ondarroa berehala jarri da buruan, eta palakadak eman ahala, abantaila nahikoa hartu dute, helmugan aise nagusitzeko (20:38). Alabaina, ez dira gai izan Hondarribiak lehen txandan egindako denbora (20:16) hobetzeko. Cabo izan da bigarrena (+7), eta ondoren sartu dira Lekittarra (+11) eta Getaria (+15).

Ohorezko txandan, Orio, Donostiarra, Zierbena eta Urdaibai Hondarribiak ezarritako denbora hobetzeko helburuarekin atera dira. Lehendabiziko ziabogaren ostean, Donostiarra jarri da aurrean; 2 segundora zihoazen Zierbena eta Urdaibai, eta laura Orio. Hirugarren luzean, baina, Urdaibaik aurrera egin du, eta azken ziabogan Donostiarra harrapatu du eta 6 segundoko aldea atera dio Zierbenari.

Azken luzea emozio handikoa izan da. Urdaibai eta Donostiarraren artean egon da bandera, eta bermeotarrak nagusitu dira azkenean, 20 minutu eta 7 segundoko denborarekin. Bou Bizkaiak 3 segundoko aldea atera dio Donostiarrari, 8 segundokoa Zierbenari eta 10 segundokoa Oriori.

Gauzak horrela, Urdaibaik bereganatu du Boiroko Bandera, Donostiarra izan da bigarrena eta Zierbena hirugarrena. Hondarribiak laugarren tokian amaitu du, eta, ondorioz, hurrengo jardunaldian ohorezko txandan lehiatuko da.

Eusko Label Ligako sailkapen nagusiari dagokionez, Urdaibaik sendo eusten dio lidertzari, eta zuloan sartuta segitzen du Bueuk.

Boiroko Banderaren sailkapena.

Boiroko Banderaren sailkapena.

Eusko Label Ligako sailkapen nagusia.

Eusko Label Ligako sailkapen nagusia.