Eusko Label Liga
Eusko Label Liga
Urdaibaik hegan egin du Zierbenako uretan eta jipoia eman die gainontzeko aurkariei
EITB MEDIA
Zierbena da Eusko Label Ligako lider berria, etxeko uretan bosgarren eginda. Bizkaitarrak Hondarribiarekin berdinduta daude 31 punturekin. Ama Guadalupekoa bigarren izan da estropadan, irabazlearengandik 18 segundora.
Urdaibaik erakustaldia eman du Zierbenako uretan jokatu den Petronor Banderan. Bou Bizkaia aise gailendu da ohorezko txandan; 18 segundo atera dizkio Hondarribiari, 29 Zierbenari eta 40 Donostiarrari. Zierbena da orain Eusko Label Ligako liderra, Hondarribiarekin berdinduta, biak 31 punturekin.
Ohorezko txandako lehen luea nahiko berdinduta joan da, ziabogan zabaldu dituzte lehen aldeak: Hondarribiak Urdaibaik baino segundo 1 azkarrago egin du ziaboga, eta Donostiarra eta Zierbena hiru segundora izan ditu.
Bigarren luzean, Gorka Aranberrik zuzentzen duen Bou Bizkaiak estropada hautsi du, eta nola hautsi, gainera. Bizkaitarrek hegaz egin dute Zierbenako uretan eta bigarren ziabogan Hondarribiari 9 segundo atera dizkiote, Zierbenari 16 eta Donostiarrari 26. Lan erditan, bandera ia erabakita izan dute.
Ondorengo metroetan ez dira aldeari eustearekin konformatu eta azkenean 18 segundo atera dizkiote Ama Guadalupekoari, 29 Zierbenari eta 40 Donostiarra larunbateko estropadako irabazleari.
Jardunaldiko hirugarren denborarik onena Cabok egin du. Galiziarrek estropada bikaina egin dute bigarren txandan. 3 segundo atera dizkiote bukaera ederra egin duen Kaikuri, 5 Getariari eta 9 Lekittarrari.
Lehen txandan, Oriok egin du denborarik onena, Santurtziren, Samertolameuren eta Ondarroaren aurretik.
Eusko Label Ligako sailkapenari dagokionez, Zierbena da orain liderra. Bizkaitarrek 31 puntu dituzte, Hondarribiak bezala, eta bandera bat. Urdaibai hirugarren da 30 punturekin, eta Getaria laugarren, 23 punturekin.
Petronor Banderako denborak
Eusko Label Ligako sailkapena