Eusko Label Liga
Zierbenako Bandera
Donostiarrak denboraldiko bigarren garaipena lortu du Zierbenan
I. G. | EITB MEDIA
18 segundo atera dizkiote Hondarribiari, bigarren sailkatuari, eta 21 Oriori, podiuma itxi duena Urdaibairen aurretik. Horrela, Donostiarrak lidergoa sendotu du.
Donostiarrak hegan egin du Zierbenako uretan, eta nagusitasun osoz irabazi du XXXIX. Petronor Bandera, Eusko Label Ligarako seigarren estropada puntuagarria. Hala, lidergoa sendotu du traineruen maila gorenean.
Ohorezko txandako lau txalupa indartsuenak biltzen dituen hasiera luze baten ondoren, 'Torrekua'ko arraunlariek euren indarra ezarri dute lehen ziabogaren ondoren.
Donostiarra eta Hondarribia, larunbatean Orion irabazle, parez pare ibili dira Urdaibairekin segundo bakarrera eta Oriorekin hirura, baina lurreko balizetara itzultzean Arkaitz Diazen taldeak beste martxa bat jarri du.
Helmugan irabazleek 18 segundo baino gehiago atera dizkiote Hondarribiari, 21 Oriori eta minutu erdi Urdaibairi.
Datorren asteburuan Eusko Label Ligak hitzordu bikoitza izango du Nerbioi itsasadarreko uretan. Larunbatean Sestaoko Udalaren XXI. Bandera jokatuko da Portugalete parean, eta igandean Santurtziko XLIII Ikurriña, Abratik gertuen dagoen eremuan.
Eusko Label Ligako Zierbenako Banderako sailkapena. Irudia: EITB Media.
Eusko Label Ligako sailkapen nagusia. Irudia: EITB Media