Eusko Label Liga: Sestaoko Bandera
SESTAOKO BANDERA
Urdaibaik irabazi du Sestaoko Bandera, atzetik aurrera eginda
G.P.A. | EITB Media
Ohorezko txanda oso parekatua eta emozio handikoa izan da. Hondarribia joan da aurretik, bi segundoko aldearekin, baina Urdaibaik eta Zierbenak aurrea hartu diote azken txanpan, eta hirugarren tokian amaitu du Sestaoko estropada.
Urdaibaik bereganatu du Sestaoko Bandera, eta atzoko arantza kendu du, atzetik aurrera eginda ere irabazten badakiela erakutsita. Hondarribiak lan bikaina egin du, baina azken luzean indarra galdu du, eta azken txanpan aurrea hartu diote Gorka Aranberrik zuzendutako traineruak eta Zierbenak. Horrenbestez, bermeotarrek sendo eusten diote Eusko Label Ligako lidertzari.
Lehenengo txandan, borroka handia izan dute Lekittarrak eta Cabok. Parean ibili dira une oro, baina azken ziaboga azkarrago egin dute galiziarrek, eta haiek nagusitu dira helmugan, lau segundoko aldearekin. Askoz atzerago sartu dira San Pedro (+22) eta Bueu (+32).
Bigarren txandan, Donostiarra, Getaria, Ondarroa eta Kaiku aritu dira, eta atera direnerako, haizeak estropada eremua aldatu du. Donostiarrak lan oso ona egin du, baina hirugarren ziabogan kateatu egin da, eta arerioekiko abantaila galdu. Edonola ere, txanda irabazi du, ordura arteko denborarik onena ezarrita: 20 minutu eta 16 segundo. Ondoren iritsi dira Ondarroa (+6), Getaria (+7) eta Kaiku (+24).
Ohorezko txanda, berriz, ezustekoarekin hasi da. Ontziak abiatu eta gutxira, epaileak bandera gorria altxatu du, irteera baliogabetuz, Urdaibairen trainerua pixka bat aurreratuta zegoela iritzita.
Ezustekoak ezusteko, bigarren saiakeran jarri da martxan faborito nagusien estropada, eta sekulako ikuskizuna eskaini dute. Zierbenak irteera oso ona egin du, baina lau ontziak segundo bakarreko aldearekin heldu dira lehen ziabogara, eta parean ekin diote bigarren luzeari, Hondarribia aurrean jarrita.
Hondarribia, Urdaibai eta Zierbena batera heldu dira azken ziabogara, baina azken luzean atzetik aurrerakoa egin du Urdaibaik, eta eskuan zuen garaipena kendu dio Hondarribiari, estropada 19 minutu eta 55 segundoan bukatuta. Zierbena izan da bigarrena (+2.30), azken metroetan Joseba Amunarrizek zuzendutako traineruari aurrea hartuta. Gipuzkoarrak hirugarren postuarekin konformatu behar izan dira (+2.52), lan bikaina egin arren.
Gauzak horrela, Urdaibaik Eusko Label Ligako lidertza sendotu du, 71 puntu pilatuta, eta atzetik ditu Zierbena (64) eta Hondarribia (59). Sailkapenaren zuloan hondoratuta segitzen du Bueuk.
Sestaoko Banderaren sailkapena.
Eusko Label Ligako sailkapen nagusia.