Itxi

Osasun etxea

KORONABIRUSA

Felix Zubia: "Ondo goaz, baina intzidentzia tasa Europako altuenetakoa da oraindik"

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Txertaketari esker egoera epidemiologikoa asko hobetzen ari den arren, prebentzio neurriei eutsi beharra dagoela gogorarazi du berriro ere Donostia Ospitaleko ZIUko medikuak.

  • Felix ZUbia

    Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburua. Argazkia: EITB Media

    29:22 min
imagen player
imagen player
imagen player

Covid-19ak eragindako egoera epidemiologoa asko hobetzen ari den arren, eta "okerrago egon garen arren", oraindik ere ez gaudela ondo eta prebentzio neurriei eutsi beharra dagoela nabarmendu du gaur berriz ere Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan: "200eko intzidentzia tasa dugu Euskal Autonomia Erkidegoan, intzidentzia tasa Europako altuenetakoa da oraindik ere, komeniko litzatekeena baino la aldiz altuagoa. Egia da okerrago egon garela, baina oraindik ez gaude ondo".

EAEn, egunero, 35-40 pertsona ospitaleratzen dituztela oraindik gogorarazi du, "txertaketa aurrera doa, baina transmisioa oso altua da oraindik kalean", eta horren aurrean, herritarrek ez dutela lasaitu behar gaineratu du.

"Nafarroan 71 inguruko intzidentzia tasa dute, baina lautada egoera daude, ez dira jaisten, eta Iparraldean ere, Maule aldean eta azken asteon izan diren agerraldiek erakutsi dute arriskuak hor jarraitzen duela".

Txertaketan du itxaropena ZIUko medikuak eta horri lotuta, 60 urtetik beherako oinarrizko langileei lasaitasun mezua eman nahi izan die: "berdin dio Pfizer edo AstraZeneca hartzen duten, lasai egon daitezela, biak seguruak eta eraginkorrak baitira".

Albiste pozgarri baten berri ere eman du gaur Zubiak. Izan ere, immunitatearen inguruan egin berri den ikerketa batean ikusi dutenez, behin gaitza igaro dutenek denbora luzez irauten duten immunitatea edo defentsa garatzen dute kasu gehienetan, urtez luzez irauten duela eta bizi osorako ere izan daitekeena: "pertsona batek gaitz bat igaro eta bizi osorako immunitatea sortzen denean, zelula mota bat sortzen da eta ikusi da koronabirusaren gaitzak hori sortzen duela, beraz, defentsak epe luzerakoak izango dira, eta izan daitezke bizi osorako ere".

Txertoak ere denboran horren luze joko lukeen defentsa sortzeko gai diren ikusteko, baina, oraindik denbora beharko dela adierazi du Zubiak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.