Itxi

Osasun etxea

KORONABIRUSA

Felix Zubia: "Txertoak funtzionatzen du, txertaturik ez dugu izan ZIUn"

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Gainera, txertaketari esker, 65tik gorako ia gaixorik ez dagoela ospitaleetan jakinarazi du Donostia Ospitaleko ZIUko buruak. Herritar guztiei txertoa iritsi bitartean neurriei eusteko eskatu du.

  • Txertoa

    Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburua. Argazkia: EITB Media

    29:18 min
imagen player
imagen player
imagen player

Hego Euskal Herriko 10 biztanletik 4k badu jada covid-19aren aurkako txertoaren lehen dosia jarrita, eta 5etik 1ek amaituta dauka pauta osoa eta immunizatuta dago. Datu horiek antzematen al dira ospitaleetan? Baietz adierazi du gaur Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan, gaixoen perfilean, batez ere: "Beltzetik zurirako eskala horretan, duela 8 egun ospitaleetan egoera 'grisa' zela esan nuen eta gu antzerako egoeran gaude oraindik. Hori bai, txertoak izugarrizko aldaketa ekarri du. Txertoak funtzionatzen duela garbi ikusi da. Guk txertaturik ez dugu izan ZIUn, adibidez". Pare bat kasu bakarrik izan omen dituzte, baina txertatu eta bi egunera positibo emandako jendearenak izan dira, oraindik txertoak immunitatea garatuarazi ez zien pertsonenak, alegia.

Txertaketak aurrera egin ahala, helduenak babestu egin dira eta gaixoen perfila izugarri gaztetu dela kontatu du Felixek: "65tik gorakorik ia ez dago une honetan ospitaleetan covid-19agatik ingresatuta. 40 eta 65 urte artekoak dira une honetan covid-agatik ospitaleratzen eta gure unitateetan amaitzen duten gehienak, asko jaitsi da gaixoen adina".

100.000 biztanleko 14 egunetako intzidentzia metatuaren datuak ere argi uzten du 65tik gorakoen zifra orokorrean dagoena baino hiru aldiz baxuagoa dela.

Gauzak honela, eta txertoen eraginkortasuna ikusita, immunizazioa herritar guztietara iritsi bitartean, prebentzio neurriekin jarraitu beharra dagoela azpimarratu du berriz ere ZIUko medikuak: "Badirudi pandemia bukatu dela eta ez da egia, birusa hor dago eta gaixoak ere bai". Esperantzarako bidea irekiz, talde immunitatea lortzeko aste batzuk besterik ez direla falta gogorarazi du Zubiak, ekain, uztail, abuztu tarte horretan iritsiko dela, eta ondoren, hurrengo hilabeteetan "foku txikiak ikusiko ditugu tarteka, herri eta auzoren batean, ospitaleetan etab."

Hala, har daitezkeen neurrien inguruan, baten garrantzia nabarmendu du, barrualdeetan ez biltzearena: "Kontuz elkarbizitza unitate ezberdinak toki itxietan biltzearekin", eta ido horretan, espazio itxietan musukoarekin jarraitu beharko dugula denbora luzez nabarmendu du, "nahiz eta txertatuak egon".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.