Itxi

Osasun etxea

KORONABIRUSA

Zubia: "14 hilabete izan dituzte lege propio bat egiteko eta ez dute ezer egin"

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Oso haserre agertu da Donostia Ospitaleko ZIUko burua alarma egoera amaitu ostean geratu den egoerarekin. Kutsatze eta heriotzen gorakada iragarri, eta "gauzak ezin ziren okerrago egin", esan du.

  • Felix Zubia

    Felix Zubia, Donostia Ospitaleko ZIUko burua. Argazkia: EITB Media

    31:35 min
imagen player
imagen player
imagen player

Kezkatuta eta triste hitz egin izan du azken asteotan Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak Euskadi Irratiko "Osasun Etxea" saioan, eta sentimendu horiei haserrea gehitu zaie gaur. Gauerdian alarma egoera bertan behera geratu ondoren, pandemiaren egoera oso txarra dela nabarmendu du, eta agintariek ez dutela euren lana ondo egin salatu du: "14 hilabete izan dituzte lege propio bat egiteko eta ez dute ezer egin".

Zubiaren hitzetan, Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuenean esan zuen baldintza teknikoak "egokiak" zirenean geratuko zela bertan behera, 100.000 biztanleko intzidentzia metatua, 14 egunera, 50-60koa zenean, alegia, baina maiatzaren 9 honetan, Espainiak 198ko tasa du, EAEk 447 ingurukoa eta Nafarroak 296koa. "Guztiz atsekabetuta eta minduta nago, gauzak ezin ziren okerrago egin", esan du; izan ere, hau da une honetako erradiografia Hegoaldeko ospitaleen sarean: "60 ospitaleratze inguru ditugu egunean, 200 lagun inguru ZIUn, egunero 6 lagun hiltzen dira, eta Osakidetzan, adibidez, urgenteak diren ebakuntzak bakarrik egiten dira, beste guztiak eten egin dira".

Donostia Ospitaleko ZIUko buruak garbi du alarma egoera erortzearekin batera egoerak okerrera egingo duela, eta galdera egin du: "Nor egingo da horren arduradun?". "14 hilabete izan dituzte lege propio bat egiteko, eta ez dute ezer egin; azken egunera arte itxaron, eta dena epaileen esku utzi. Eta gertatu da gertatu behar zena, alde batean eta bestean neurriak ezberdinak direla". Eta gehiago esan du: "Honek ondorioak ekarriko ditu, gertatu behar ez ziren kutsatzeak gertatuko dira, gertatu behar ez ziren ospitaleratzeak eta gertatu behar ez ziren heriotzak". Eta horrez gain, covid-19ak sortu duen osasun krisiak gainerako gaitzen tratamenduan ekarri duen kaltea nabarmendu du: "Horiek artatu ahal izatea ere ez al da oinarrizko eskubidea?".

Egoera berri honetan, herritarren gain geratu da ardura osoa, baina orain arte ikusitakoarekin ez du konfiantza handirik Zubiak: "Honi kontra egiteko lege babesik gabe geratu gara eta geure burua bakarrik geratzen zaigu. Orain arte neurriak zuzen betetzen aritu direnek horrela jarraituko dute eta horiei eskerrak eman nahi dizkiet, benetan, baina betetzen ez dituztenak ere badaude".

Hala, "geratzen zaiguna geure burua babesten jarraitzea da", berretsi du, transmisio kateak oso erraz zabaltzen baitira: "Neure burua arriskuan jartzen badut, inguruko jendea ere arriskuan jartzen dut". Jendetzak saihesteko eta barrualdeetan bilkurarik ez egiteko eskatu du berriz ere.

"Lehertuta gaude. Pandemian, 600dik gora lagun artatu ditugu gure unitatean, apirilean bakarrik 130etik gora, eta ZIUra ez ditugu ekartzen horrelako egonaldi bat gaindituko ez dutela badakigun gaixoak. Leher eginda gaude eta pisu guztiak guregana etorri behar al du? Babesik gabe uzten gaituztenean eta badakigunean zer datorren, horrek niri haserrea bakarrik eragiten dit", erantsi du.

Horrela, nork bere burua zaintzeko balio duten neurriei eusteko eskatu du, eta txertaketaren erritmoan jarri du berriz ere esperantza: "6-8 astean txertaketaren erritmo hau mantentzen bada, beste egoera batean egongo gara. Eutsi diezaiogun beraz orain".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.