Itxi

Osasun etxea

KORONABIRUSA

Zubia: "Okerrago egon ginela esan eta zain egoteak ez du zentzurik"

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Kasuek hemendik astebetera joko dutela goia eta oraingo olatua aurrekoak baino txikiagoa izango dela esatea ez dela egokia esan dio Donostia Ospitaleko ZIUko buruak Fernandez LABIko koordinatzaileari.

  • Felix ZUbia

    Felix Zubia, Donostia Ospitaleko ZIUko burua. EITB Mediako bideo batetik hartutako irudia.

    29:47 min
imagen player
imagen player
imagen player

"Enbataren erdian dagoen marinelaren gisa" sentitzen dela adierazi du gaur Felix Zubia Donostia Ospitaleko zaintza intentsiboetako unitateko buruak Euskadi Irratiko Osasun Etxean. Izan ere, azken egunotako covid-19 kutsatzeen igoerak martxo hasieran itxi ahal izan zuten aparteko gunea berriz ere irekitzera behartu ditu ZIUn dauden gaixoak artatzeko. Gogoan izan behar da, ostiralean, adibidez, beste 920 kutsatze atzeman zirela Euskal Autonomia Erkidegoan eta 93 pertsona ospitaleratu zituztela. Une honetan 115 pertsona daude larri, unitate horietan, EAEn.

Datu horiek eskutan, Zubia ez dago "konforme" ostegunean Jonan Fernandez LABI teknikoko koordinatzaileak Euskadi Irratiko Faktoria saioan egindako adierazpenekin. Fernandezek iragarri zuen datozen egunetan joko dutela goia ziur aski kutsatzeek eta "denok askoz nekatuago" gauden arren eta edozein goranzko joerak "min asko egiten digun arren", "urria-azaroa eta urtarrilean okerrago egon ginela jakin behar dugu" gaineratu zuen.

"Barkatuko dit Jonan Fernandezek baina ez nago konforme berarekin. Ezinezkoa da astebetean honek goia jotzea eta gero hobera egitea dauzkagun neurriak eta mugikortasunak ikusita" ihardetsi dio Zubiak. "Beraz beti zain egotea eta pentsatzea urrian okerrago egon ginela edo azaroan edo urtarrilean okerrago egon ginela, bueno, konparaketa horrek ez du zentzurik, egoera txarra da, gorazko joeran gaude eta zenbat eta gehiago atzeratu orduan eta beranduago etorriko zaigu hobekuntza".

Hala, eta aurreko asteetan esandakoari jarriki, neurriak "berehala" behar ditugula gaineratu du Zubiak, "gehiegi itxoin dugu". Antigenoen testetan -sintomak dituztenei eta positiboen kontaktu estuei egiten zaizkie- %15 positibo ateratzen ari direla gogorarazi du, eta kopuru hori "izugarria" dela. "Neurriak atzeratzen ibiltzeak ez du zentzurik" berretsi du.

ZIUetan zaintzen ari diren gaixoei dagokienez, %50 60 urtetik azpikoa dela nabarmendu du, eta estadistikek dioten moduan, 10etik 2 hil egingo direla, egoeraren larritasuna azpimarratuz.

Hala, kontuz ibiltzeko deia luzatu du berriz ere, "ahalik eta kasu gutxien izan daitezen", eta kutsatuz gero, sintomei adi egoteko eskatu du: "Laugarren ego bosgarren egunean ondo egoteak ez du esan nahi ondo bukatuko denik. Kasu asko zazpigarren egunetik aurrera okeratzen dira", eta ildo horretan, sukarrari adi egoteko eskatu du, lehen egunetan joaten ez bada, sintoma txarra izan baitaiteke. "Arnas estua hasten denean gaitza oso aurreratua dago eta berehalakoan eskatu behar da laguntza, itxaron gabe" gehitu du.

Azkenik, azken aste honetan AstraZenecaren txertoarekin gertatutakoa ikusita, "ez dut ulertzen ze agintari klase ditugun Europa osoan" hausnartu du. Txertoa ez hartzeak hartzeak baino arrisku gehiago dituela berretsi du eta bere inguruko hurbilei hartzeko gomendatu diela argitu du.