Itxi

Osasun etxea

KORONABIRUSA

Zubia: "AstraZenecaren lehen dosiarekin % 94 gutxitu dira ospitaleratzeak Eskozian"

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Johnson & Johnsonen txerto berriari buruz, "esperantza handia" duela adierazi du Donostia ospitaleko ZIUko zerbitzuburuak, baita "osoena" dela eta hornidura arazoak gainditzea espero duela ere.

  • Johnson & Johnson txertoa

    Felix Zubia, Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburua. ETBko bideo batetik hartutako irudia.

    29:25 min
imagen player
imagen player
imagen player

Covid-19aren transmisio komunitarioa gutxitzen ari den honetan, eurak ere "lasaixeago" dabiltzala esan du Felix Zubia Donostia ospitaleko ZIUko zerbitzuburuak Euskadi Irratian igandero ondu ohi duen Osasun Etxea saioan. Hori bai, hobekuntza "tantaka-tantaka" datorrela ohartarazi du eta garbi utzi nahi izan du ez dela "lasaitzeko moduko egoera".

Badaude argi printzak, ordea, eta txertoei aipamena egin die horiek ikusteko: "Txertaketekin ere ikasten ari gara, eta gero eta gehiago dakigu", adierazi du. Hala, Europan errezeloa sortu duen AstraZenecaren txertoari buruz -Pfizer eta Modernarekin alderatuta eraginkortasun baxuagoa duelako, printzipioz- ondokoa adierazi du: "55 urtetik beherakoei emango zaien AstraZenecaren txertoari buruz, ikasi dugu hiru hilabete atzera daitekeela bigarren dosia eta bigarren dosia atzeratzeak onurak dakartzala eraginkortasunean. Badira datuak, gainera, erakusten dutenak AstraZenecaren lehen dosiarekin % 94 gutxitu direla ospitaleratzeak Eskozian".

Ikasgai horietan oinarrituta, covid-19a gainditu duten 55 urtetik beherakoei txertoaren dosi bakarra ematea erabaki dute aste honetan osasun agintariek, gaitza igaro duenak nahikoa immunitate lortzen baitu dosi bakarrarekin; horrek ere asko hobetu dezake txertaketa erritmoa. Felix Zubiak gogorarazi du norbaitek koronabirusa pasatu badu, arin pasatuta ere, frogatua dagoela antigorputzak garatu dituela eta "10 kasutik 9,5etan gutxienez zortzi hilabetez" jarraituko duela antigorputzak izaten. Horregatik, gaitza izan eta sei hilabetera txertatuko dituzte pertsona horiek.

Atzo bertan AEBetan onartu zen eta hemendik 15 egunera Europan onartu daitekeen Johnson & Johnsonen txertoaz ere oso baikor hitz egin du Donostia ospitaleko ZIUko buruak: "Dosi bakarrean jartzen da, ez du hozkailu berezirik behar, adin tarte guztietarako balio du eta aldaeren kontra ere eraginkorra dela frogatu da". Ezaugarri horiek kontuan izanda, txertorik "osoena" izan daitekeela uste du Zubiak eta benetan azkartu dezakeela txertaketa. Hori bai, hornidura arazorik ez badago. 200 milioi dosi ematekoak ziren Europar Batasunari ekaina baino lehen (EB osoaren erdiarentzako adina), baina zalantzak sortu dira posible izango ote den.

Bien bitartean, koronabirusaren aldaerek sortzen duten kezkaren inguruan, lasaitasunerako deia egin du Zubiak: "Txinan sortu zenetik aldaera asko izan ditugu. Aldaera horiek kutsakorragoak izan daitezke, baina ez derrigor okerragoak". Gai honek ez duela bereziki kezkatzen ere gehitu du, eta aldaera britainiarra munduan nola zabaltzen ari den kontuan izanda ere -EAEn kasu berrien % 42 aldaera horretakoak dira jada-, nabarmendu du azken hiru asteetan kasuak behera egiten ari direla mundu osoan.

Hemendik aurrera ere orain arteko neurriei eusten jarraitzeko eskatu du eta eskerrak eman dizkie "neurriak hartzen ari diren guztiei".