Itxi

Osasun etxea

OSASUNA

Zubia: "Gabonetan, gehienez, bi bizikidetza unitate, eta horiek nahastu gabe"

EITB.EUS

Txertoa ere izan du hizpide, eta horren harira, lasaitasun mezua igorri die entzuleei mediku zarauztarrak. Txertoak berme guztiekin merkaturatuko direla ziurtatu du.

  • Felix Zubia, Donostiako Ospitaleko ZIUko medikua.

    Felix Zubia, Donostiako Ospitaleko ZIUko medikua. Argazkia: EITB.

"Ez gaude lasaitzeko moduan". Mezu argia igorri du, gaur ere, Felix Zubia Donostiako Ospitaleko ZIUko medikuak Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan. 100.000 biztanleko intzidentzia-tasak 500 kasutik gorakoa izaten jarraitzen du, eta datu hori "ikaragarria" da. "Argi ikusi da, intzidentzia tasa metatua hain altua izanda, berriro esponentzialki goraka hasten bada, egoera lehertu egin gaitekeela", nabarmendu du.

Zubiak gogoratu duenez, uztailaren hasieran 100.000 biztanleko 50 positibo inguru zeuden Hego Euskal Herrian, eta egoera horretatik urruti gaude orain. Ospitaleak beteta daudela gogoratu du, eta neurri murriztaileak bere horretan betetzen ez badira, "hirugarren olatua bigarrenaren gainera etortzeko arriskua" dagoela adierazi du.

Gabonen atarian, berriro ere, ahalik eta bizikidetza unitate gutxien elkartzeko gomendioa luzatu du. "Bi bizikidetza unitate gehienez, eta horiek nahastu gabe mantendu Gabon jai guztietan. Hori da nire gomendioa", azpimarratu du.

Elkartu aurretik PCR probak edota test antigenoak egitea gomendatzen duen galdetuta, Donostiako Ospitaleko medikuak berretsi du bizikidetza unitateei eustea dela neurri egokiena, baina talde handiak biltzekotan, "aurrez, testak egitea ezer ere ez egitea baino hobeagoa da, noski".  PCR probak zehatzagoak direla esan du, baina bildu aurretik test antigenoak egitea ere, babes neurri modura, ondo dagoela iritzi dio.

Txertoa ere izan du hizpide, eta horren harira, lasaitasun mezua igorri die entzuleei. Txertoak berme guztiekin merkaturatuko direla ziurtatu du, eta hori baieztatzeko AEBko sendagaien kontrolerako agentziak Moderna eta Pfizer laborategiek garatu dituzten txertoen inguruan kaleratu berri duen txostena aipatu du. "Txertoa berme guztiekin datorrela baieztatzen digu txosten horrek", zehaztu du.

Hori bai, gaixotasuna bera berria den bezala, txertoa ere berria dela eta galdera asko, oraindik, airean daudela onartu du: immunitateak zenbat iraungo duen, gaitzaren transmisioa etengo duen, gaitza garatuko den, behin hartuta nahikoa izango den … Horregatik da garrantzitsua, osasun profesionalaren iritziz, "denok txertatuta egotea, elkar ahalik eta gehien babesteko. Artalde efektua izateko oso garrantzitsua da biztanleriaren zati handi bat txertatua egotea, transmisioa geldiarazteko".

Eta osasun krisiaren erdian, EITB Maratoian parte hartzeko tartea ere hartu dute Donostiako Ospitaleko ZIUko langileek. Osasungintzan ez ezik, bertsotan ere aditua da Zubia, eta berak jarritakoak dira ondorengo bertsoak: