Itxi

Osasun etxea

'Osasun Etxea'

Gabonetan "burbuilak osatzearen eta mantentzearen" garrantzia azpimarratu du Zubiak

eitb.eus

Donostia Unibertsitate Ospitaleko ZIUko medikuak Euskadi Irratian ohartarazi duenez, "aste batean hildako gehiago izan dira COVID-19arengatik, urte osoan trafiko istripuetan baino".

  • Felix ZUbia

    Felix Zubia.

    27:47 min
imagen player
imagen player
imagen player

Felix Zubia Donostia Unibertsitate Ospitaleko ZIUko medikuak Gabonetan ere koronabirusaren aurkako neurriak mantentzearen garrantziaz ohartarazi du. Abenduko ospakizunak nolakoak izango diren aurreikusi du medikuak Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan.

"Urtero egiten duguna errepikatzen badugu, gero izugarrizko leherketa eta txikizioa etorriko da", ohartarazi du Zubiak. Azaldu duenez, Gabonen ondorengo asteetan "kasu eta heriotza kopuruen igoera izugarria" pairatu nahi ez badugu, ospakizunak beste modu batean egin beharko dira, "osasunaren ikuspuntutik".

Donostia Unibertsitate Ospitaleko medikuak lagunartean eta lantokian egiten diren ospakizunak, Gabonetan ohikoak izaten diren afariak, esaterako, "albo batera uztea" gomendatu du. Familiei dagokienez, "burbuilak osatzearen eta mantentzearen" alde egin du Zubiak. Hau da, elkarrekin bizi ez diren bi talde elkartuko balira (6 edo 10eko taldeetan, gehienez), burbuila hori "jai guztietan zehar mantendu" beharko litzateke. Horrela, Gabonetako otordu guztietan pertsona berberak bilduko lirateke, besteekin "nahastu" gabe.

Gainontzekoekin biltzerako orduan, "musukoa beti" erabiltzeko eta "talde txikiagoetan" egiteko garrantzia azpimarratu du Zubiak. Adibidez, Olentzeroren opariak jasotzeko.

Orain arte lortutakoa eta hurrengo asteetan lortuko dugun eboluzio positiboa Gabonetako ospakizunekin ez zapuzteko eman ditu gomendiook Zubiak. Azaldu duenez, "kalean ikusten ari gara intzidentzia jaisten ari dela, EAEn oso mantso eta Nafarroan azkarrago", baina ospitaleetan egoera "oso estua" da oraindik, eta "hurrengo asteetan ere estua izango da". "Gure argi izpia da kalean kutsatzeak jaisten ari direla, eta guk bi aste barru nabarituko dugu", esan du ZIUko profesionalak. Baina, momentuz, "aste batean hildako gehiago izan dira COVID-19arengatik, urte osoan trafiko istripuetan baino".

Beraz, 100.000 biztanleko 150 kasuko intzidentzia izan arte "ez nuke gomendatuko neurriak lasaitzea, eta gero ere mantendu beharko ditugu oraingo egoerara ez itzultzeko".

Txertoei dagokienez, Zubiak uste du "eraginkorrak eta seguruak" izango direla, orain arte "datu solteak" soilik eman dizkiguten arren. Azaldu duenez, txertaketa kanpainako lehenengoak osasun langileak eta adinekoen egoitzetako profesionalak izan beharko dira; adinekoak, ondoren, eta besteak gero. "30 urteko gaixoak ere baditugu, beraz txertaketa denontzat izan beharko litzateke, artalde efektua delakoa lortzeko", esan du.

Ikerketaren garrantzia ere azpimarratu du medikuak. 2002ko eta 2016ko koronabirusen harira, honakoa adierazi du: Houstonen (AEB) "txerto bat garatu zuten, baina ezin izan zuten pertsonengan frogatu, diru faltagatik ez zutelako finantzatu". "Orduan hori ondo garatu izan balitz, agian hau ez zatekeen gertatuko", azaldu du.