Osasun etxea
KORONABIRUSA
Felix Zubia: "Harreman kopurua murriztu behar dugu"
E. JAUREGI | EITB.EUS
Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitateko medikuak harreman sareak murrizteak duen garrantzia azpimarratu du. Inorekin elkartu aurretik "ezinbestekoa ote den" aztertzeko eskatu du.
-
Felix Zubia Donostia Ospitalearen aurrean. Argazkia: EiTB
2:03 min
Ospitaleratzeen gorakada ikusita, hartutako neurriak ez direla nahikoa izan argi du Felix Zubia medikuak. Bere iritziz, indar handia jarri da distantzian, eskuetako higienean eta musukoa erabiltzean baina, agian, ez da "nahikoa indar jarri harremanak murrizteko mezuan".
Donostiako Ospitaleko Zaintza Berezien Unitateko medikuak argi du "jendearekin biltzeko gogoa izatea normala" dela baina egoera konpontzeko harremanak murriztetik hasi beharra daukagula nabarmendu du.
Abuztuaren 23 honetan Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan mezu argia eman du: "Harreman kopurua murriztu behar dugu". Eta ildo horretan, inorekin elkartzeko plana egin aurretik "benetan beharrezkoa den ala ez" pentsatzeko eskatu du. Geratuz gero, toki itxietan ahal den gutxien egotea eta ahal den jende gutxienarekin aholkatu du.
Iragan ostiralean Nekane Murga Osasun sailburuak aipatu zituen "burbuila sozial txikiez" galdetuta, gogoratu du bizikidetza unitatea osatuko luketen gure etxe bereko kideekin ibiltzea komeni dela eta elkarbizitza unitateak ez nahastea. Beste familia batekin biltzen bagara, beti horiekin biltzea eta ez egunero familia ezberdin batekin.
Osasun Sailak haurrak espazio publikoetan elkarren artean ez erlazionatzeko eskariaren inguruan, Zubiak esan du oso zaila dela "plazan, parkean… elkartuz gero, haurrak elkarrekin ez ibiltzea" eta horregatik, hori ekiditeko egin beharrekoa "ez joatea" dela esan du, nahiz eta jakin horrek "bizitza soziala birpentsatzera garamatzala".
Baina haurrengan ez fokalizatzeko ere eskatu du, helduen jarreran baizik: "martxoan, eskolak itxi ziren egun berean, makina bat guraso pintxo-potean elkartu ziren haurrak inguruan zituztela. Hori ezin da egin" hausnartu du.
Ikasturtea hasteko bi aste falta diren honetan, haurrak zainduko dituzten aiton-amonak babesteko gomendioak eman ditu: jantzi ditzatela maskarak bai adinekoek baita haurrek ere, ez daitezela nahastu beste haur eta jende taldeekin, eta noski, gurasoek muga ditzatela euren harremanak.
Maskara ondo erabiltzearen aldeko eskaria egin du berriz ere medikuak: "Musukoak sudurra eta ahoa estali behar ditu beti, ez ukitu eta ez kendu, are gutxiago juxtu jende askorekin, talde batean, zer edo zer hartzeko edo bildu garenean".