Goizak gaur
N. Alkorta, Azpeitiko alkatea
"Inoiz ez da Corrugados berriz martxan jartzeko proiektu errealik izan"
Azpeitiko alkatearen arabera, "borroka mediatikoa" dago, "alderdi guztiek baitakite ez dela posible hor jarduera martxan jartzea". "Ez da borondate kontua, legalitate kontua baizik", esan du.
-
Nagore Alkorta
5:54 min
Azken hilabete luzeotako liskar politikoaren erdigunean izan da Azpeitiko Corrugados. 2013an itxi zuten, eta iaz Christian Lay taldeak Corrugadosen jabe den Galliardo taldea eskuratu zuen. Azaroan, CL taldeak Azpeitia erdigunean dagoen lantegiko jarduera berrabiaratu nahi zuela iragarri zuen eta Jaurlaritzaren eta Aldundiaren babesa eman zioten balizko irekiera horri. Industria talde horrek iragarri du uko egingo diola Azpeitia erdialdean zegoen lantegia berriz martxan jartzeko proiektuari, diotenez, Azpeitiko Udalaren kontrako jarreraren eraginez. Nagore Alkorta Azpitiko alkateak "Goizak Gaur" albistegian azpimarratu duenez, ez da "proiektu erreala" izan eta "komunikabideetan agertutakoa eta erralitatea ez datoz bat".
Alkortaren arabera, "hau ez da borondate kontu bat, legalitate kontu bat da eta gauzak aurrera joatea nahi izan balitz, enpresak bidea irekita zuen proiektua aurkeztu eta bidea emateko". Izan ere, Azpeitian EAJk eta EH Bilduk aho batez onartutako hirigintza planean, eremu horretako bizitegi erabilera soilik dago baimendua. Alkatearen hitzetan, martxoaren 31n egin zuten azken bilera Jaurlaritzaren eta Aldundiaren ordezkariekin, eta bertan "garbi adierazi" zioten Udalari ez zegoela proiekturik. Alkateak nabarmendu duenez, "proiektu erreal bat ez da egon, ez da bideragarritasun planik egon, eta ordu erdiko bilera bat bakarrik egin dugu eragile guztiek; beraz, ezin da esan saiakera handirik izan denik eta Azpeitiko Udalaren jarreraren erruz ez denik proiektua aurrera atera. Benetan jakin behar dena da inoiz egon al den asmo errealik proiektu hori martxan jartzeko".
Enpresarekin bilerak
Alkortak adierazi du enpresarekin bilerak izan dituztela eta eremu horretan dagoen baimen bakarraz hitz egin duela, hau da, "instalazio horiek desmuntatzearen inguruan". Are gehiago, azpimarratu du eremu hori birgaitzeko eman beharreko pausoez baino ez direla aritu eta, beraz, "beste instituzio batek beste konpromiso batzuk hartu baldin baditu, sortutako espektatiben aurrean, eurek erantzun beharko lukete. Guk hasieratik adierazi dugu Azpeitiko udalak baduela planean eremu bat enpresa siderurgiko hori martxan jartzeko, eta ez digute aukerarik eman aukera posible hori aztertzeko".